Datorren urteko egutegia ere lasarteoriatarren argazkiekin irudiztatu nahi dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko otsailaren 27a

Udala "pozarren" dago 'Lasarte-Oria zure objektiboan' lehiaketak izan duen harrerarekin eta 2025eko hamabi hilabeteak ere herritarren irudiekin ilustratzeko asmoa du. Agustin Valdivia alkateak eta Sozioekonomia zinegotzi Nuria Fernandezek jakinarazi dute argazkiak bidaltzeko epea irekita dagoela eta urriaren 25a izango dela azken eguna. Saridun bakoitzak 100 euroko erosketa bonu bat irabaziko du egitasmoarekin bat egiten duten komertzioetan gastatzeko. Egutegiaren azalera eramango duten irudiaren egileak beste 50 euroko txartel bat ere poltsikoratuko du.

Fernandezek azaldu ditu lehiaketaren oinarriak. Lasarte-Orian erroldatuta egon eta gutxienez 16 urte izan behar dituzte partaideek eta bakoitzak hiru argazki bidali ahalko ditu, asko jota; horietan, udalerriko eremu edo jarduerak islatu behar dituzte. Irudi horiek originalak izan beharko dute eta formatu horizontalekoak; koloretan zein txuri-beltzean aurkez ditzakete argazkilariek, hori bai, kalitate edo bereizmen altuan, bi megabytekoak gutxienez eta hamarrekoak gehienez. Posible izango dute euren lanak editatzea (argiztapena edota kolorea zertxobait ukituta, esate baterako) baina ez errealak ez diren fotomontajeak egitea. Horrelako zerbait eginez gero, kanporatuak izango dela ohartarazi du Sozioekonomia zinegotziak. 

Hamabi hilabete, eta beste hainbeste sari: 100 euroko bonu bana argazkilari bakoitzari, kanpainara batzen diren herriko establezimenduetan gastatzeko. Sarituetako batek 50 euro gehiago poltsikoratuko ditu, baldin eta bere argazkia eramaten badute azalera. Horri guztiari buruz herriko argazkilari profesionalek osatutako epaimahai batek deliberatuko du, azaroaren 4tik 15era. 

Antolatzaileak oso pozik daude lehiaketa horrek herritarren artean izan duen harrerarekin, urtez urte gehiago animatzen baitira parte hartzera. Fernandezek zehaztu duenez 200 bat argazkiren artean erabaki behar izan zuen epaimahaiak.

Argazkiak nola bidali

Partaideek bi aukera dituzte euren irudiak bidaltzeko. Batetik, argazki bakoitzeko eskaera bat aurkez dezakete Eskabide Orokorraren Ereduan, honako hau zehaztuta: izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa. Horrez gain, kontuan izan behar dute berdinak izan behar dutela artxiboaren izenak eta izenburuak. Hori dena Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera argazkiak USB edo antzeko (kameraren memoria txartela, adibidez) euskarri elektroniko batean eramanda. Bestetik, Erregistro Elektronikoa erabil dezakete eta aurkezpenaren tramitea sarean egin.

Informazio gehiago behar duenak udalaren webgunea kontsulta dezake edota 618 13 92 40 telefono zenbakira deitu.

Erlazionatuak

Dotore jantzi dute datorren urteko egutegia

Txintxarri Aldizkaria 2023 abe 14 Gizartea