Nolatan animatu zara lehiaketan parte hartzera?
Egia esan, ez naiz horrelakoetan parte hartu zalea baina herriko ekimen bat izanda, erronka moduan hartu dut: Lasarte-Oriari buruzko irudi ezberdin bat ateratzea, beti kirol argazkilaritzan aritzen naizelako. Egun pare batez ibili nintzen herrian barrena, kamerarekin.
Kamerarekin egindako buelta horietako batean, Brunet Enea parkeko kioskoak deitu zizun arreta.
Igande arratsalde batean joan nintzen hara, gutxi falta zen ilunabarrerako. Gure herrian ez daude toki asko egunaren une hori garbi ikusteko; mendiaren eta kioskoaren artean argi ona sartzen zela ikusi nuen eta eguzkia sartu aurreko ordu erdian jolasten ibili nintzen, argazkia nondik atera erabakitzeko. Txukun geratu zen.
Hurrengo urteko lehiaketan ere parte hartuko duzu?
Denbora badut eta argazki txukunen bat ateratzen badut, bai, baina ez paisaia batena; aurtengo irudi guztiak herriko toki desberdinetakoak izan dira. Lasarte-Oriako ekitaldi garrantzitsuren bateko irudiren batekin parte hartu nahiko nuke.
Kirol argazkilaritzak ez du zerikusi handirik paisaienekin, ezta?
Ez, baina egia da modalitate bat ikasi eta menperatuz gero bestean aplika ditzakezula ikuspuntu eta teknikak. Detaile askoko irudiak izan ohi dira lasterketa eta bestelako ekitaldietakoak, plano itxikoak, baina angelua zabalduz gero paisaia argazki ederrak atera daitezke kirolariekin beraiekin.
Noiztik ateratzen dituzu argazkiak?
Duela hamabi bat urte edo. Kamera analogiko bat erabiltzen zuen aitak gaztetan eta jubilatu baino lehen digital bat erosi zuen, hori probatu eta argazkilaritzari buruz saltseatzen hasi nintzen: 'Zergatik irudi hau enfokatuta dago eta bestea ez', eta horrelakoak. Pixkanaka mundu horretan sartu nintzen eta kirol ekitaldietara joaten, lagun batzuek triatloiak egiten zituztelako.
Argazkilaritza ikastea, kontzeptu teorikoak barneratzea... funtsezkoa da, baina kamerarekin praktikatzea ere bai, ezta?
Nahi duzun beste ikasi eta irakurri dezakezu, baina argazkiak egitea eta egitea, hori da ikasteko modua. Kamera hartu eta saltseatu, probak egin, teknikak probatu, barrido deritzona esate baterako. Gogoratzen dut irudi mota hori Zarautzen egin nuela, lasterketa batean. 700 partaide inguru zeuden eta lehenengoetan ez zitzaidan ongi atera, baina proba asko egiteko aukera izan nuen, nahi nuen argazki hori lortu arte (barreak).
"Argazkiak egitea eta egitea da ikasteko modua"
Nolakoa da 'barrido' teknikarekin ateratako argazki bat?
Argazki mota bat da non abiadura mantsoa erabiltzen duzun zure aurrean mugitzen ari den horrek hondo desenfokatua eta abiadura efektua izan dezan.
Milaka modu eta teknika erabil ditzake argazkilari batek. Zein ari zara lantzen orain?
Azkenaldian kameratik kanpoko flashekin ari naiz, argiztapen mota hori lantzen. Lasterketa gutxiagotara joaten naiz lana tarteko denbora gutxiago dudalako, eta, horren ordez, argazki saioak egiten ari naiz lagun batzuekin. Horri lotuta, Denian (Valentzia) izan naiz duela gutxi eta mundu mailako kirol argazkilaritza lehiaketa bateko sari bat irabazi dut, kanpoko flash batekin igerilari bati Oiartzungo piszinan egindako erretratu batekin. Soroslea handik zebilen eta berari eskatu genion laguntza, flasha eusteko! Nik egindakoa alderatzen nuen beste argazkilari batzuen lanarekin, Australian izan zela bat surflari batzuk argazkitzen, beste bat Cabo Verden... Nire barrurako pentsatu nuen, 'Niri ez diezadatela galdetu' (barreak).
Argazkiak egitea erronka bezala hartzen dut eta buruan irudi bat ikusten badut, hori aurrera eramaten saiatzen naiz.
Zer ematen dizu kiroletako argazkiak egiteak, eta, oro har, argazkilaritzak?
Errutinatik ateratzea. Lasterketa batera joaten naiz eta ez dakit zerekin egingo dudan topo: eguraldia, non kokatuko naizen... Aste horretan hasten naiz horretan pentsatzen, erronkak jartzen nire buruari argazki hobeak ateratzeko, eta abar. Etengabeko ikasketa bat da eta gustatzen zait. Horrez gain, laguntzen dit toki eta pertsona berriak ezagutzen, nire betiko ingurutik ateratzen. Plan politak dira.
Esan duzu kirol proba jakin batean egingo dituzun argazkietan pentsatzen hasten zarela hori jokatuko den astean bertan. Zein da kirol argazkilari baten itzaleko lana?
Hasteko, akreditazioa eskatu behar duzu lehenago, datuak eman eta antolatzaileak konbentzitu, baimena eman diezazuten. Gero, ibilbidea aztertu eta baita probaren nondik norakoak ere, bakoitzak bere izaera propioa duelako. Hori islatzea erronka da. Nire ustez, kontua ez da kurba bat aukeratu eta argazki guztiak handik egitea. Kirolari, antolatzaile eta boluntarioak pertsonak ere badira eta lasterketen barruan istorio asko daude kontatzeko.
Zein da agendan apuntatuta duzun hurrengo hitzordua?
Urte hasieran bertan Elgoibarko krosera joango naiz. Lokatza badago, hobe, ikusgarriagoak direlako argazkiak.