Martxoaren 19an eta gauez iritsiko da herrira 23. Korrika

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urt. 11a, 12:00

Duela bi urte Xumela koruko lagunek hartu zuten lekukoa Lasarte-Oriako aurreneko txandan.

Urnietatik iritsiko da aurten lekukoa Lasarte-Oriara, 21:58an, eta, ia ordubetez herriko kale eta bazterretan ibili ostean, Usurbilerantz abiatu, Hipodromo etorbideko zubian barrena. Irundik hasi eta Baionan amaituko da aurtengo lasterketa; martxoaren 14tik 24ra egingo dute.

Ohetik altxa eta kalera atera ziren herritarrak duela bi urte, goizean goiz heldu baitzen 22. Korrika gure herrira. Aurten, alderantzizkoa izango da bidea: euskararen aldeko lasterketa erraldoi horretan parte hartu eta lotara sartu gero. Izan ere, egitasmo horren 23. aldia martxoaren 19an (asteartea) ailegatuko da Lasarte-Oriara, Urnietatik, 21:58an. Ia ordubetez zeharkatuko ditu kale eta bazterrak, Hipodromo etorbideko zubian barrena Usurbilerantz abiatu aurretik.

Erreferentziazko guneak

Martxoaren 19an helduko da 23. Korrika gure herrira, asteartearekin, 21:58an, Urnietatik. Ia ordubetez zeharkatuko ditu kale eta bazterrak, Hipodromo etorbidean barrena Usurbila abiatu aurretik 22:50ean. Hauek dira gau berezi horretan herritarrek kontuan izan beharreko erreferentziazko guneak:  

21:58 Kostegi (Oztaran bidea, 3).

22:02 Urnieta bidea, 17.

22:05 Urnieta bidea, 3.

22:08 Goikale, 19.

• 22:12 Ola kalea, 2.

22:15 Kale Nagusia, 56.

• 22:19 Kale Nagusia, 79.

• 22:22 Kale Nagusia, 34.

• 22:26 Donostia etorbidea, 6.

• 22:29 Bariante errepidea (Goiegi jatetxea zenaren parean).

• 22:33 Pinutegi, 10.

• 22:36 Hernani bidea, 10.

• 22:39 Osina kalea, 3.

• 22:43 Buenos Aires aldapa, 4.

22:46 Buruntza kalea, 9.

• 22:50 Pintore eta Iñigo de Loiola kaleak gurutzatzen diren izkina.

 

Martxoaren 14tik 24ra

Bost egun lehenago abiatuko da 23. Korrika, Irundik, eta Euskal Herri osoa zeharkatuko du 24ra bitartean, Baionan amaituta. Harro herri izango da aurtengo aldiaren leloa, arrazoi honengatik, lasterketaren aurkezpenean Korrikaren arduradun Ane Elordik eta AEKren Artekaritza Kontseiluko lehendakari Aitziber Balantzategik adierazi zutenez: "Aurreko edizioko parte hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula".

Erlazionatuak

Korrika Txikia bideoz grabatu dugu

Txintxarri Aldizkaria 2022 api 08 Euskara