Inoizkoa izan da; ederra, hunkigarria eta sudurgorria!

Txintxarri Aldizkaria 2022ko api. 8a, 15:09

Gogo betez parte hartu dute lasarteoriatarrek 22. Korrikan. Goizeko 07:11 pasatxo heldu da herrira eta ordu eta erdi luze bertan ibili ostean, Urnietara joan da. Eskuz esku eraman dute lekukoa, pozez, herritarren irribarre aurpegiak ikustea besterik ez da. Hiru urte luze itxaron behar izan dituzte euskararen aldeko egitasmo zirraragarrian lasterka egiteko, baina iritsi da eta merezi izan du

Egunak argitu aurretik batu dira lasarteoriatarrak Hipodromoko zubian; Usurbildik, Zubietako paseotik barrera etorri den Korrikari harrera beroa egiteko. Halaxe izan da. Xumela koruko kideek egin dute herriko lehen kilometroa, eta ikusi besterik ez zegoen zein nolako zirraraz hartu duten lekukoa. Kantu eta irrintzi eginez itxaron dute momentua, eta hala egin dute kilometro guztian zehar ere. 

Hipodromoko zubian hartu dute xumelatarrek lekukoa eta Uistin kalean barrena iritsi dira Geltoki kalera, Correos parera. Han zeuden, lekukoa hartzeko zain Kukuka antzerki eta dantza eskolako lagunak. Mozorroak soinean jantzita itxaron dute euren txanda, eta Kale Nagusirako noranzkoan egin dute lasterka.

Belaunaldien arteko lekukoa

Ttakun Kultur Elkarteak hartu du Kukukaren erreleboa. Aurten bazkideei keinu egin nahi izan die, eta belaunaldi desberdinetako kideak batu ditu: lehen zatian Irati Izkierdo eta Sebastian Kerejetak (88 urterekin, hori sasoia!) eraman dute aurrena, Felix Telleriak eta Maider Segurolak gero, eta Arantxi Genau bazkidearen familiak azkenik.

Komunikazio grafikoak, Antzak eta Iametzako kideak zain zituzten Dia supermerkatu parean, 1990. kilometroa egiteko. Txartel hotelari bira eman, eta udaleko korporazioko kideei pasa diete testigua. 

Pailazoak iritsi zain egon dira herriko ikastetxeetako ikasle, irakasle eta ordezkariak Tajamar biribilgunean. Sudurgorriengandik lekukoa jaso eta Pablo Mutiozabaletik, Iñigo de Loiolara iritsi dira. Haiek iritsi zain zeuden Muntteri AEK-ko kideak. Irribarrez, hunkituta jaso dute lekukoa eta Geltoki kalean barrena, Donostia hiribidera abiatu da Korrika. 

Elkarte gastronomikoek izan dute euskararen aldarri Goiegiko biribilguneraino eramateko ardura. Esku batetik bestera ibili da lekukoa aldapan gora eta eguna erabat argituta zeharkatu dute tunela. Zain zituzten Aterpeako kideak beraien kilometroari ekiteko prest. Berasategi Kafeak saltokiaren arduradun Leire Berasategiren seme-alabek eraman dute herriko komertzioaren izenean lekukoa Zabaletara. 

Zabaleta

Zabaleta Auzolan elkarteko kideak eta Zabaleta auzoko kideak Pinutegi eta Hernani bideko biribilgunean zain zeuden Ikastetxeetako guraso elkarteen eskutik hartu dute lekukoa. Hernani bidea hartu eta auzotik barrena abiatu dira. Basotxo plaza parean, Sorgin Jaiak, aSUnak eta Ernaiko gazteek hartu dute lekukoa eta Larrokoetxe bidean Arrieta-Lasaga familiaren txanda izan da. 

EH Bilduko zinegotziek Zabaleta auzoko denda parean egin dute lekuko aldaketa. Buenos Aires aldapa eta Kalbario bidea jaitsi ostean, LABek hartu du lekukoa eta besarkada ederra eman diote elkarri Jon Martinek eta Aitziber Ibarluzeak.

Beko kale bidetik Goikalera egin du Korrikak eta aldapa hasi baino lehen herritar ugari bildu da lasterka ari zirenei animoak ematera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots horien artean.

Aldapan gora egin eta Erketz Dantza Taldeko Nestor Erauskinek eta Alba Bailek eutsi diote ikurriñaduk lekukoari eta aldapan gora egin dute gogotsu. Urnieta bideko azken kilometroak ez dira samurrak eta atzetik jarraitzen zutenen kopurua murrizten joan da. Pankarta atzean, bidea gidatzen joan direnak herriko kirol elkarteetako kideak izan dira, eta ez da harritzekoa. 

Sarreratik irteerara ibilbide bizi, koloretsu eta hunkigarria osatu du Korrikak Lasarte-Orian, eta lasarteoriatarrek bizipen gogoangarri bat gehitu diote bi urtean behin zabaltzen doan euskarari lotutako oroitzapen bildumari.

Erlazionatuak

Pailazoek lekukoa hartu duten unea

Txintxarri Aldizkaria 2022 api 08 Euskara