Ostadar SKTk aurten 40 urte ospatu ditu. Urtean zehar, hainbat jarduera eraman ditu aurrera, ekaina hasieran atal guztietako kirolariak bildu zituen eta argazki erraldoia egin zuen, esate baterako. Orain, urteurreneko ospakizunei amaiera paregabea emateko ekimen berezia antolatu du; beterano mailako Ostadar eta Real Sociedad taldeen arteko partida jokatuko da. Hitzordua hilaren 30ean izango da, 11:30ean, Michelin kirol gunean.
Talde urdin-beltzeko zein txuri-urdineko garai ezberdinetako jokalariak berriro ere zelaian ikusteko aukera paregabea izango da.
Ez hori bakarrik, neurketa hasi baino lehen, Ostadarrek "etxeko kide bati" omenaldia egingo dio. Jose Manuel Loyarte Gorrik kirol elkartearen esker ona jasoko du, 11:15ak aldera. Kirol taldeko kideek adierazi dutenez, "40 urte horietan lan eskarga handia egin du. Aurten entrenatzaile lanak utzi ditu eta merezitako omenaldia izango da".
Zozketak, atsedenaldian
Jaialdia biribiltzeko, ikusleek ere sariak eskuratzeko aukera izango dutela aurreratu dute kirol elkarteko kideek. Babesleek eskainitako produktuen zozketa egingo da eta, hala nola, Kairosen bi gosari, Realaren kamiseta, saski bat edo Berasategi kafeak-eko poltsa bat irabazi ahalko dira. Kirol elkarteak salgai jarriko ditu txartelak partida hasieran eta bere sare sozialetan zein bulegoan argitaratuko ditu zenbakiak.
Era berean, Ostadarrek eskerrak eman nahi dizkie eure babesleei "beti laguntzeagatik eta, batez ere, egun horretan parte hartzeagatik".