Ostadarreko kide batek neurketaren berri eman eta ilusioz hartu zuen deia: "Berriro botak janztea, taldekide ohiekin batu, emozio hori sentitzea eta gainera Realaren aurka, oso idea polita iruditu zitzaidan".
Talde urdin-beltzeko belaunaldi ezberdinetako kideek osatu dute beterano taldea eta gehienekin zelaian jokatu dela onartu du atezainak: "Polita izango da, jubenil nintzean taldeko zaharrenekin jokatu nintzen eta futbola utzi nuenean gaztetxoekin".
Hala ere, entrenamendu saioak egitea erraza izan ez dela adierazi du: "Guztiok ditugu gure eginbeharrekoak. Zelaiarekin ere gorabeherak izan ditugu; Loiolako Erriberetan bildu behar izan gara orain arte. Horrez gain, ez min hartzeko ere adi ibili beharko gara. Dagoeneko badugu baja bat".
Oztopoak oztopo neurketaz eta futbolaz gozatzea helburu dutela nabarmendu du: "guretzat eta Michelinera gerturatzen direnentzat oroimenean mantentzeko eguna izan dadila espero dugu".