"Orduak pasa ditzakegu hizketan, edozein haritik tiratzeko erraztasuna dugu; zuk neurtu". Islada Ezkutatuak taldeko kideek abisu gisa esan diote hori kazetariari, memoria historikoarekin zerikusia duten gaiak mahai gainera ateraz gero hizketaldia amaiezina izan daitekeelakoan. Larritu beharrean, ordea, artikulu hau idazten ari denak gozatu egin du Mailu Arruti, Joxea Muguruza, Mikel Amenabar, Mailu Muguruza eta Josu Agirretxe kideekin izandako solasaldia. Gauza bera sentitu nahi duzuenok astearteetan duzue hitzordua, kultur etxeko 1. solairuan, 17:30ean. Ez zaizue damutuko.
Ez zaizue damutuko ezta ere igande honetan, hilak 26, talde horrek berak antolatu duen ekitaldira joaten zaretenoi. Mirentxun izango da, 12:00etan. Ez zaizue damutuko, itxura polita duen eraikin horren iragan makurra ezagutzeko aukera izango duzuelako. "Udalaren Gizarte Zerbitzuak bertan kudeatzen dituztela badakite herritar askok, baina ez 1936an frankismoaren okupazioaren sinbolo bilakatu zela", jakinarazi du Arrutik. Aipatu ekimen hori aurrera eramateko tokia, beraz, ez dute "kasualitatez" aukeratu.
Zergatik izan zen Mirentxu eraikina "okupazio eta zapalkuntza sistema" horren sinbolo? Bada, orduan indarrean zegoen Errepublikaren eta lasartearren bizimoduaren aztarna oro ezabatzeko egin beharrekoa han erabakitzen zutelako: "Aurreko agintariak kendu, egitura demokratikoak desagerrarazi, enpresa publikoak kendu, ondasun publikoak nahiz pribatuak konfiskatu, kolpisten ideologiarekin bat ez zetozenen izen-abizenak zerrendatu eta akabatu... Begira zertaz ari garen hizketan, ez da txantxa", nabarmendu du Joxea Muguruzak. Azaldu du Oriako ibarraren inbasioaren harira iritsi zirela Lasartera, eta komandantzia militar bat ezarri zutela aipatu eraikin horretan, gureaz ez ezik inguruko zenbait herriren gaineko erabakiak hartzeko: Andoain, Hernani, Urnieta eta Usurbil. "Lasarte oso herri garrantzitsua zen frankistentzat, kostako errepidea ito nahi zutelako eta azpiegitura ugari kontrolatzeko aukera zutelako: karretera, trena, industria, eta abar". Edonola ere, "zailtasun izugarriak" izan zituzten eremu hori hartzeko, batez ere, taldeak berak aurkikuntza historiko eta garrantzitsu ugari egin dituen Txaldatxur mendiko lubakiagatik. "Gune hori kili-kolo egon zen arte ez ziren sartu Lasarten eta Donostian".
Urretatarrak eta 'Komisioa'
Mikel Amenabarrek ezagutu zituen okupazio frankistaren aurretik Mirentxun bizitu zirenak: Urretatarrak. "Frankistek egin zutenaren adibide garbi bat da". Beste askok bezala, ideologia arrazoiengatik "ziztu bizian" alde egin behar izan zuten Miguelek eta familiak (alaba zaharrena, berriki hildakoa, Miren zen; horregatik jarri diote gero eraikinari izen hori). "Enpresa batzuk zituen Miguelek, teila fabrika bat adibidez, eta 50.000 pezetako isuna ezarri zioten, urtean 50 ordaintzeko baimena emanda. Lehen bi urteetan pagatu zuen, baina hirugarrenean edo laugarrenean ez, esan ziotelako inor ez zela konturatzen. Orduz geroztik, inork ez zion ezer gehiago eskatu. Auskalo nortzuen poltsikoetara joaten zen isunen diru hori". Amenabar jaio zenerako komandantzia militarrik ez zegoen Mirentxun eta Urretatarrak itzulita zeuden. Hori bai, berez haiena zen etxea berriz ordaindu behar izan zuten. "Oso ohikoak izan ziren horrelako lapurreta eta konfiskatzeak; guk ditugun datuen arabera, etxeen %75 huts-hutsik utzi zituzten, 3.000 biztanle inguruko herri batean".
Horrelako erabakiak Komisioa izeneko talde batek hartzen zituen. Talde horren errutina bilakatu zen nori zer konfiskatu, nor fusilatu eta antzeko erabakiak hartzea. Mirentxun elkartzen ziren frankisten aldeko zenbait herritar, apaiza, auzo alkatea (Lasarte udalerri indepentente ez zenez oraindik, horrela deitzen zitzaion pertsona horri), karlisten burua, falangisten buruan, militarrak eta gentes de orden deitzen zitzaienak, garaiko jauntxo boteretsuak hain zuzen. Euren helburua, ordura arteko bizimodua "erabat eta lehenbailehen" ezabatzea, Agirretxek esan duenez.
Etxe "polit" horretan gertatutakoa azaleratuko du Islada Ezkutatuak taldeak igande honetako ekitaldian. Eragile horretako kideek eskerrak eman dizkiote Lasarte-Oriako Udalari, laguntzeagatik. "Orain arte erraztasunak besterik ez dizkigute eman gure jarduna aurrera eramateko".