1936ko estatu kolpearen ondoren herrian gertatutakoa biltzen duen liburua aurkeztu du Islada Ezkutatuak elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 17a, 15:39

Lasarte-Oriako memoria historikoaren berreskuratzean diharduen Islada Ezkutatuak elkarteak Testigantzak: genozidio ezkutu baten islak liburua aurkeztu du eguerdian. Urtebete baino gehiago pasatu da obra amaitu zutenetik, baina pandemiaren eraginez, ezin izan dute orain arte ekitaldia gauzatu. Lekukotza horiek eman dituztenetako hainbat lagun bildu diraz Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan.

Badira itxarotea merezi duten zenbait gauza. Horietako bat, ospakizunak izan daitezke; aitortzak, edo eskertzak. Horietatik guztietatik zerbait izan du Lasarte-Oria 1936-1948. Testigantzak: genozidio ezkutu baten islak liburu mardularen aurkezpen ekitaldiak. 2020ko martxoaren 14an aurkeztekoak ziren, baina pandemiak gelditu egin zuen saioa eta ezin izan dute orain arte egin. Marilu Arruti kidearen esanetan, "gaur egun pozgarria da", eta gogoan izan ditu "bidean gelditu direnak". 

Kultur etxeko auditorioan batu dira orri artean jaso diren 88 testigantza eman dutenak edo haien senideak. Euren lekukotza hitzetan jarri eta elkarri lotuta, isilarazitako historia josi du Islada Ezkutatuak elkarteak. Izan ere, Joxa Muguruzak gogoratu bezala, 1936tik 1948ra bitartean Lasarte-Orian zer gertatu zen galderari erantzuteko lehen ahaleginen ezer gertatu ez zela zirudien, baina egindako lanak erakusten du egia oso bestelakoa dela. 

Azalpen laburraren ondoren, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza. Ikertzaileek egindako lana eskertu du, estatu kolpeak ekarritakoa ezagutzeko aukera ematen baitu. "Oso balio handia du eta aukera ematen digu ez ahazteko frankismoak gure lurraldean herentzia gisa utzi zituen gertakariak eta basakeriak. Eta bidegabekeriaz, errepresioz eta gorrotoz beteriko hamarkadan". Nabarmendu du, halaber, "ahotsa eman" horrenbeste sufritu zutenei eta oraindik ere "beldurragatik" euren bizipenak publiko egitea nahi izan ez dutenak badirela. Hitz egin dutenei luzatu die aintzatespena eta onartu duenez, alkate gisa "harro" eta "eskertuta" dago Islada Ezkutuakek egindako lanaz.

Jon Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Memoria zuzendaria izan da hitz egiten hurrena.  "Demokraziaren" eta "giza eskubideen" aurkako erasoa,  Frankismoaren errelatoak elkarri kontrajarritako bi bandoren arteko guda gisa zabaldu zuen urtetan. Hori beharrean demokraziaren aurka altxatakoak eta "biolentzia erabili nahi gabe" hura defendatu zutenen arteko borroka izan zen. Hala, isilarazitako testigantzak biltzean "egia egiten" dutela azaldu du eta gaur bezalako ekitaldiek "errekonozimendua eta erreparazioa" hura jasan behar izan zuten lasarteoriatarrei. 85 urte betetzen dira estatu kolpetik eta hura lehen pertsonan bizi izan zutenak gero eta gutxiago dira, horregatik, haien kontakizunak jasotzeak duen garrantzia aitortu du.

Egindako lanaren aldarrikapena

Lehen hitzartzeen ondoren, Joseba Tapia herritarra irten da agertokira. Gerrak kultur mugimendu handia eragin zuela azaldu du, kontra egin eta gudarosteei indarra emateko kantak egin zirela. Himno horietako bi jo eta abestu ditu: Gudara noa, aio maitea eta Pepe Bolumbururen Gure gerrako ibilerak aukeratu du "halako deskalabru, txikizio eta injustizien aurrean, herri horrek bazuelako kapazitatea baita umorea egiteko eta distantzia bat hartzeko. Horrek asko adierazten du bere mailaz". 

Jarraian, obraren prestaketan beraiekin egon diren eta instituzionalki lagundu dieten alkateei eta kabinete buruei eskertza egin zieten, euren "hitza eta konpromisoak" bete, eta edonolako arazoren aurrean laguntzeko prest egon direla aitortu zuen Muguruzak.  Arrutik gehitu zuen lan boluntarioa aitortu behar den moduan, jasotako laguntza, askotarikoa, eskertu behar dela. Ane Labakaren bertso bat oparitu diete eta oholtzan jaso dute, Iñaki Mugicak eta Jesus Zaballosek ezin izan dute bertan izan.

Musikak beste tarte bat izan du, ondoren. Askatasunaren ikur den Beethovenen pieza bat jo dute Euskadiko Orkestrako bi irakaslek. Amaitzean Muguruzak azaldu du hilaren 27an liburu berri bat aurkeztuko dutela, oraingoa, Lasarten izandako gudari buruzkoa. Gerora, beste bi osatu nahi dituzte frankismoaren basakeriari buruzkoak. Honekin testigantzen aldea amaituko dute. Hitzartzean, elkartearen ibilbidea eta lana gogoratu ditu, eta elkartearen beraren garrantzia aldarrikatu, "profesionalen" esku utzi beharko luketela esan badiete ere.

Amaitzeko, Zero Sette eta Euskadiko Orkestrako bina kidek Guridiren pieza bat eta eurek osatutako beste bat jo dituzte. Opari txiki bat banatu diete bukatzean eta talde argazki batekin itxi dute ordu eta erdi iraun duen ekitaldia.