Joxea Muguruza: "Ahanzturatik atera dugu Txaldatxur gaina"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko urr. 28a, 11:02
Ezker-eskuin, Agustin Valdivia alkatea eta Islada Ezkutatuak taldeko kide Joxea Muguruza. Lepo bete da kultur etxeko hitzaldi aretoa.

Zubietan dagoen Txaldatxur izeneko gaina gune estrategikoa izan zen 1936ko irailean; kolpistek Oriako bailaran barrena iritsi nahi zuten Donostiara, eta gorriak pasa zituzten helburua lortzeko. Ondorio hori eta beste asko atera ditu Islada Ezkutatuak taldeak, Lasarte-Oriako memoria historikoa berreskuratzean diharduen elkarteak. Bertako kide Joxea Muguruzak El enigma de Txaldatxur liburua ondu du.

"Zer gertatu zen lasartearrekin eta oriatarrekin [Lasarte eta Oria batu gabe zeuden oraindik] 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra eta gero?". Hamar urte baino gehiago daramatza Islada Ezkutatuak taldeak galdera hori erantzun nahian, eta herriko memoria historikoa ezkutatuta gera ez dadin saiatzen. Norabide horretan, besteak beste, Zubietan dagoen Txaldatxur izeneko gaina berreskuratu du, kolpistak Donostiaraino ez iristeko gune estrategiko bat izan zela jakiteraino. Bertan gertatutakoa argitzeko asmoz, El enigma de Txaldatxur lana idatzi du taldeko kide Joxea Muguruzak, eta Lasarte-Oriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratu. Islada Ezkutatuak bildumako bigarren alea da; lehenengoa, Testigantzak. Genozidio baten islak, iaz kaleratu zuten, eta berriki aurkeztu.

Txaldatxurri buruz idatzitakoak jakin-mina piztu du, lepo bete baita kultur etxeko hitzaldi aretoa. Joxea Muguruza idazleak eta Agustin Valdivia alkateak parte hartu dute ekitaldian. Azken horrek taldearen eta idazlearen lana azpimarratu du. "Oriako bailaran Errepublika defendatu zutenen eginkizuna ezagutuko dugu horri esker; 1936ko kolpe militarraren ostean gertatu zena oroimenera ekartzea funtsezko lana da".

Muguruzak aletu ditu lanaren nondik norakoak, argazki historiko eta guzti: Gipuzkoara etorri ziren kolpistak nafarrak zirela, Txaldatxurreko guda 1936ko irailaren 3tik 19ra borrokatu zutela eta "oso bortitza" izan zela, beste xehetasun batzuen artean. Amaitu aurretik, Zubietako gain horren enigma nagusia zein den azaldu du: "Ahanzturatik atera dugu Txaldatxur, antza denez, 1920 eta 1930 bitartean izenez aldatu zutelako eta historiatik desagertu zelako; Estenaga deitzen zioten lur zati horri, garai horretako bi mapatan ikusi dugunez". Liburua irakurtzerako orduan, idazleak herritarrei eskatu die honako hau gogoan izateko: "Gerra Zibila ez, Errepublikaren aurkako kolpe militarra izan zen 1936koa. Hori ulertu ezean, gerra bateko balentrien bilduma da esku artean duzuen argitalpena".

Bigarren zatia

"Ikerketa lanaren enfokea berritzailea da, zentratu garelako Gipuzkoa erasotu zuten kolpistengan", nabarmendu du Muguruzak. Aurreratu du Islada Ezkutatuak bildumak sei argitalpen izango dituela orotara, eta azkena Txaldatxurren jazotakoari buruzko jarraipena izango dela, bigarren zatia. "Nortzuk defendatu zuten Txaldatxur eta Oriako bailara? Liburu horretan egingo diegu merezi duten omenaldia pertsona horiei guztiei". Beste hiru liburuetan "Frankismoaren errepresioa deitzen dioten hori" jorratuko du taldeak.

Aurkezpen ekitaldia amaitu aurretik, bideo bat proiektatu du Islada Ezkutatuakek, Zubietako gainean egindako berreskuratze lanari buruzkoa.

"Gerra Zibila ez, Errepublikaren aurkako kolpe militarra izan zen 1936koa. Hori ulertu ezean, gerra bateko balentrien bilduma da esku artean duzuen argitalpena"