Gipuzkoako Foru Aldundiak krosaren ibilbidea aldatzera behartu ditu antolatzaileak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 19a, 09:40

26. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia hilaren 29an jokatuko dute, igandearekin. Asteburu berean N-1 errepide gainean dagoen Allerruko zubia eraitsiko duenez Gipuzkoako Foru Aldundiak, antolatzaileek ibilbidea moldatu behar izan dute, partaideek ezingo dutelako bertatik igaro.

Oriako elizara arte apenas aldatuko den ibilbidea: bertara industria gunetik ez, errepidetik joango dira. Karmengo Ama kaperara ailegatzerakoan, buelta hartuko dute herrira, ez errepidetik, industria gunetik baizik. Zirkuitu ibilbideko etxe parean dagoen gasolindegira arte iritsiko dira, hortik Txartel pareko industria gunera sartuko eta Txartel hoteleko biribilgunera aterako. Behin hori pasata, berriro ere pabiloietako errepidea hartuta, Zumaburuko elizaraino joango dira. Puntu horretan, ezkerretara hartuko dute eta Zumaburu auzoa zeharkatu San Miguel okindegira iritsi harte. Hor ere, ezkerretara hartu eta Aldatz Hortz Klinika aurretik pasako dira, eta, Hipodromo etorbideko dorrearen aurretik igarotzean, Zubieta aldera hartuko dute. Hortik aurrera ere, ohiko ibilbidea izango dute, Okendo plaza sarreran helmugaratu arte.