Ekimenez beteriko eguna izan da larunbata Sasoetan. Suziriak eztanda egin duenetik aurpegiak margotu edo eskulanak egiteko aukera izan dute haurrek Jaizkibel plazan. Leku beretik abiatu dira eguerdia pasata LOZETeko erraldoiak Andatza plazarantz. Buruhandiei luzeago joan zaie hara iristea, korrikaldi dezente egin baitituzte ibilbidea hasi aurretik. Geldialdian ere nekatu arte aritu dira eguzkipean korrika zirikatzen zituzten haurrekin jolasean. Eguerdian, paella goxoa jan dute herri bazkariko txartelak erosi zituztenek, eta han izan dira ere udal ordezkariak. Arratsaldeko hitzordu nagusia danborrada izan da, auzoko kaleak martxen doinuekin bete eta alaitu dituena hiru bat orduz. Eguna amaitzeko, musikak hartu du Andatza plaza. Egitaraua pixka bat moldatuta, zezensuzkoa egin dute lehenengo, eta ondoren, 40 de fiebre musika taldeko kide ohi Juan Mari Cerezoren omenezko zuzenekoari ekin diote.