Sasoeta auzoak jaiak ospatuko ditu asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 2a, 18:59

Ezker-eskuin: Ivan Muñoz, Agustin Valdivia, Jose Antonio Rey eta Txus Alonso, Jaizkibel plazan.

Ostiraletik igandera makina bat jarduera aurrera eramango dituzte Sasoetako jaietan. Sasoeta Sasoian auzo elkarteak eta udalak osatu dute programa, elkarlanean. "Jarduera guztiak kale eta plazetan egingo ditugu, toki horietan gozatzen dugulako gehien", nabarmendu du elkarteko lehendakari Jose Antonio Rey-k. 

Duela hamarkada batzuk oso ezagunak ziren Sasoeta auzoko festak, "sanpedroak baino gehiago", Reyren hitzetan. Jaizkibel izeneko eragile bat arduratzen zen jaiak antolatzeaz eta hori egiteari utzi zionean desagertu egin ziren, duela sei urte beste elkarte bat eratu (Sasoeta Sasoian) eta berriz ere ospakizun berezi horiei ekin arte.

Garai horietako loria eta festa giroa berreskuratzea da elkarte horren helburua eta urtez urte gero eta egitarau erakargarriagoa prestatzen du. Aurten 40 kolaboratzaileren eta Lasarte-Oriako Udalaren laguntza izan du, 3.190 eurokoa, Festak saileko buru Txus Alonsok zehaztu duenez. "Nola esango diegu ba ezetz horrelako proposamenei?".

Rey eta Muñozek azaldu dute aurtengo programa zertan den. Ohi bezala, omenaldi batekin hasiko dira jaiak. Virgen de Guadalupe Extremadura Etxea aintzatetsiko dute aurten Andatza plazan, "45 urteko ibilbide oparo eta auzoari ematen dion guztiagatik". 

Lehendakariak behin eta berriro errepikatu du egitaraua auzoko kale eta plazetan aurrera eramatekoa izango dela, toki horietan gozatzen dutelako gehien. Helduen nahiz haurren danborradak, larunbateko bazkari herrikoia (paella jango dute; tiketak Bagri liburu dendan eros ditzakete herritarrek) edota herriko zenbait musikarik 40 de fiebre musika taldeko kide ohi Juan Mari Cerezori egingo dioten omenaldi kontzertua nabarmendu dituzte. Aurtengo jaiak igande arratsaldean amaituko dira, 18:30ak aldera, azken trakarekin.

Egitaraua

Hilak 6, ostirala

  • 18:00etan, txupinazoa eta pregoia, Andatza plazan.
  • 18:00etan, kirol jarduera, Uzturre plazako kantxan. Los Chavales de Martija elkartearen eskutik.
  • 19:00etan, Ostirintxo pintxo potea, taberna hauetan: Txoko, Mostatxo, Buggy, Jaizkibel eta 2KN.
  • 19:00etan, txiki diskoa, Andatza plazan.
  • 20:00etan, txokolate jana Andatzan, Aitonak okindegiaren eskutik.
  • 20:00etan, zuzeneko musika emanaldia, Radio Rebelde Covers taldearekin, Jaizkibel plazan.
  • 23:00etan, zezensuzkoa, Andatzan.
  • 23:30ean, DJ Nemux, Andatzan.

Hilak 7, larunbata

  • 11:00etan, tailerrak eta jolasak, Jaizkibel plazan.
  • 11:30ean, futbolin txapelketa haurrentzat nahiz helduentzat, Jaizkibelen.
  • 12:00etan, erraldoi eta buruhandiak, auzoan zehar. LOZET elkartearen eskutik.
  • 14:30ean, bazkari herrikoia, Andatzan.
  • 16:00etatik aurrera, mus txapelketa Txoko tabernan.
  • 16:00etatik aurrera, igela txapelketa Txindoki tabernan.
  • 16:00etan, aldibereko xake partidak, Andantzan. Taula Xake Klubaren eskutik.
  • 17:00etan, zunba saioa, Andatzan. Saito gimnasioaren eskutik.
  • 18:00etatik aurrera, auzo elkartearen tabernan pintxo potea.
  • 18:30ean, danborrada. Andatza plazatik irten eta auzoko enparantza guztietan barrena ibiliko da: Oriamendi, Aralar, San Martzial, Uzturre, Adarra eta Jaizkibel. 
  • 22:30ean, 40 de fiebre musika taldeko kide ohi Juan Mari Cerezoren omenaldi kontzertua. Andatzan.
  • 23:00etan, zezensuzkoa, Andatzan.
  • 23:15ean, The Noisemakers taldearen kontzertua, Andatzan.
  • 00:30etik aurrera, DJ Nemux, Andatzan. 80. hamarkadako abestiak jarriko ditu.

Hilak 8, igandea

  • 11:00etan, puzgarriak, Andatza plazan.
  • 12:00etan, erraldoi eta buruhandiak, auzoan zehar. LOZET elkartearen eskutik.
  • 12:30ean, patata tortilla txapelketa, Andatza plazan. Tortillak 11:00etatik 12:30era arte eraman beharko dituzte partaideek.
  • 17:00etan, haur danborrada, Andatza plazatik abiatuta.
  • 18:00etan, errifen zozketak eta sari banaketa.
  • 18:30ean, amaierako traka.