Sasoetako jaiak abian dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 6a, 21:54

Festa giroa nagusi izango da asteburuan Sasoeta auzoan. Ostiral arratsaldean hasi dituzte ekimenak Andatza plazan pregoia irakurri eta suziria piztu ondoren. Eztandaren aurretik, auzoko eragileetako bat,  50 urte betetzear den Extremadura Etxea omendu dute. Elkarteko beste hiru kidek lagunduta, David Mateosek jaso du oroigarria eta "ohorea" dela adierazi. Aldi berean, Uzturre plazan Los Chavales de Martijak kirol jarduerak antolatu ditu. Ohi bezala gaztetxoek euren trebezia probatu dute, saskiratze edo gol saiakeretan, golfean edo lokotx bilketan. Ondo pasatzeaz gain, amaieran sariak ere jaso dituzte. Jolasak bukatzerako, Andatza plazan txiki diskoan gorputza mugitzen ari ziren haur, gazte eta ez hain gazteak. Gogoz eta nekatu arte dantza egin dute batzuek, bereziki, oholtza gainetik pausoak erakusten zituen neka taldeak. Gozokiak bota dizkiete amaieran, baina gozo gogoz jarraitzen txokolate beroa eta bizkotxoa jateko aukera izan dute. Ilara luzea osatu dute bi gutizia horiek nahi zituztenek. Dantzarako aukera berri bat ere izan dute, Jaizkibel plazan oraingoan. Radio Rebelde bikoteak 1980-1990 hamarkadetako abestien coverrak egin ditu. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, errepertorio ezaguna eskaini diete tabernen terrazetan eta inguruko bankuetan eserita entzun dietenei.

Hilak 7, larunbateko egitaraua

  • 11:00etan, tailerrak eta jolasak, Jaizkibel plazan.
  • 11:30ean, futbolin txapelketa haurrentzat nahiz helduentzat, Jaizkibelen.
  • 12:00etan, erraldoi eta buruhandiak, auzoan zehar. LOZET elkartearen eskutik.
  • 14:30ean, bazkari herrikoia, Andatzan.
  • 16:00etatik aurrera, mus txapelketa Txoko tabernan.
  • 16:00etatik aurrera, igela txapelketa Txindoki tabernan.
  • 16:00etan, aldibereko xake partidak, Andantzan. Taula Xake Klubaren eskutik.
  • 17:00etan, zunba saioa, Andatzan. Saito gimnasioaren eskutik.
  • 18:00etatik aurrera, auzo elkartearen tabernan pintxo potea.
  • 18:30ean, danborrada. Andatza plazatik irten eta auzoko enparantza guztietan barrena ibiliko da: Oriamendi, Aralar, San Martzial, Uzturre, Adarra eta Jaizkibel. 
  • 22:30ean, 40 de fiebre musika taldeko kide ohi Juan Mari Cerezoren omenaldi kontzertua. Andatzan.
  • 23:00etan, zezensuzkoa, Andatzan.
  • 23:15ean, The Noisemakers taldearen kontzertua, Andatzan.
  • 00:30etik aurrera, DJ Nemux, Andatzan. 80. hamarkadako abestiak jarriko ditu.