Belkoain eta Andatzan barrena egingo dute mendiko bosgarren festa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 11a, 19:08

Udal ordezkariak eta LOTME elkarteko kideak, Antonio Mercero gunean.

Kirolaz gozatu nahi dutenek aukera aparta izango dute horretarako hilaren 24an, igandearekin, Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak festa giroko ekitaldia aurrera eramango duelako Belkoain eta Andatza mendietan barrena: V. Mendi Festa. Ibilbide luzeak 26 kilometro eta erdi izango ditu; motzak, 15 kilometro. Hurrengo aldia, seigarrena, ondo bidean 2025ean egingo dute, iraileko data mantentzea baina festa eta lasterketa txandakatzea erabaki dutelako. 

Kirola, osasuna eta lehiakortasun eza uztartuko ditu aurten ere LOTMEk, V. Mendi Festa antolatuta. Hilaren 24an aurrera eramango dute. Partaideak, ohi bezala, Okendo plazatik abiatuko dira: ibilbide luzea egingo dutenak, 07:00etan, eta motza burutuko dutenak, 09:00etan. 15:00ak arte izango dute helmugaratzeko, irten diren toki berera itzultzeko. "Ehun bat pertsona inskribatu dira orain arte; ez da kopuru txarra, kontuan izanda askok azken unera arte itxaroten dutela, zer eguraldi egingo duen jakin arte. Gainera, mendi proben egutegia saturatuta dago, proba asko egiten dira garai honetan", azaldu du mendi elkarte horretako kide Javi Olazagoitiak. Izen emateak beraien webgunean egin behar direla gogoratu du. Federatuek 16 euro ordaindu behar dituzte eta ez federatuek, aldiz, 18. 16 urte baino gutxiago dituztenek 14 edo 12 pagatu beharko dituzte, hurrenez hurren.

"Iazko ibilbide luzeagoa gogor samarra izan zela esan zigunez batek baino gehiagok, arintzea erabaki dugu", azaldu du Olazagoitiak. "Horrek, hala ere, ez du esan nahi gogorra izango ez denik". 26,5 kilometro izango ditu, eta Belkoain nahiz Andatza mendien gailurrak igaro, besteak beste. Desnibel positibo metatua 1.350 metrokoa izango da. Martxa motza egitea aukeratzen dutenek 15 kilometroko bidea urratu beharko dute, Andatzaren tontorra erreferentziatzat hartuta. "Buruntzara ez joatea erabaki dugu uztaileko lasterketa bertan egin genuelako".

Festa eta lasterketa, txandaka

Mendi festa gustuko dutenek edo aurten proba egiteko asmoa dutenek hobe dute izena eman, hurrengoa, gauzak ondo, bi urte barru izango delako. "Urte berean erokeria da esku artean ditugun proba guztiak antolatzea, apenas uzten digulako denborarik familiarekin egoteko eta aisialdirako", argudiatu du Olazagoitiak. Horrek esan nahi du datorren urtean, garai honetan, II. Mendi Lasterketa aurkeztuko dutela, eta, 2025ean, VI. Mendi Festa. 

Orain arte bezala, Lasarte-Oriako Udalaren laguntza izango dute proben eguneko azpiegiturarekin. Hori dela-eta, Olazagoitiak eskerrak eman dizkie aurkezpen agerraldira bertaratu diren Agustin Valdivia alkateari eta Kirolak saileko buru Goizalde Pildaini. Bi horiek eskerrak eman dizkiete LOTMEko kideei, urtero egiten duten lanagatik eta herritarren artean mendizaletasuna hauspotzen jarraitzera animatu dituzte.

Esker hitzak udalarentzat, eta baita boluntarioentzat ere: "Talde horretako kideei esker antola ditzakegu mendi festa edota lasterketa bezalako ekitaldiak, ez zaielako axola eskokatzeko makinak hartu eta arratsalde pare batez bideak garbitzea; lan hori, dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, baina ez du aurrera eramaten".

Olazagoitiak, amaitzeko, lasarteoriatarrak gonbidatu ditu hilaren 24ko mendi festan parte hartzera. "Ez digu beldurrik ematen aurreko urteetan baino partaide gutxiago izateak, beti bezain ongi tratatuko ditugulako guztiak". Horrez gain, ezagutarazi du mendizaleak helmugara iristen direnerako harrera berezi bat izango dutela, urtero jasotzen duten poltsaz gain sagardo eta garagardo kupel bana jarriko dituztelako, ekitaldiari are jai giro gehiago emateko.