Ibai Makazaga eta Maria Ordoñez azkarrenak izan ziren Lasarte-Oriako Mendi Lasterketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 18a, 11:45

Lasterketako saridunak, antolatzaileak eta udal ordezkariak. ARg.: Isaac Farré Rico

Lasarte-Oriako Mendi Lasterketa lehiatu zen hilaren 16an. Lasarte-Oria Mendi elkarteak (LOTME) antolatutako probak 140 bat korrikalari bildu zituen Okendo plazan. LOTMEko hainbat kideez gain, herritar ugari izan ziren lasterketa egitera animatu zirenak. Urduritasuna nabari zen bai parte hartzaileetan, baita antolatzaileetan ere. Eguraldia alde zuten eta lasterketa ere arazorik gabe gainditzea espero zuten guztiek

Irteera eman eta lehen postuetan ikusi ahal izan genituen, besteak beste, gerora garaile izango zen Ibai Makazaga edo Jon Presa eta David Cordero herritarrak. 

Buruntzako igoeran Makazagak aldea ireki zuen eta lehen iritsi zen kontrolera. 48 segundo geroago, iritsi zen Oier Zubeldia amezketarra. Jaisterakoan ere azkar ibili zen oriotarra eta lehen postua eskuratu zuen helmugan. Bigarren postuan aldaketa egon zen, ordea. Zubeldia ez zen fin ibili jaitsieran eta hiru korrikalarik pasa zuten: Ander Amonarriz, Beñat Bereziartu eta Unai Fernandez. Lehena izan zen bigarren helmugan. 

Maria Ordoñez iruindarra ere nagusi izan zen emakumezkoen mailan. Hasieratik buruan jarri zen, Buruntzan ia lau minutuko aldea atera zion Rebeca Mariño baztandarrari eta helmugan ere berretsi zuen lehen postua. Lehen herritarrak Jon Presa eta Irati Urruzola izan ziren.

Eskertza

LOTMEko kideek eskerrak eman nahi dizkiete boluntario lana egiten egon ziren bazkide eta lagun guztiei.

LOTMEko kideak eta boluntarioak mahaiaren inguruan bildu ziren lasterketa amaitzean. Arg.: LOTME.