Euriak jai hartu du IV. Mendi Festan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 25a, 10:19

Eguraldi iragarpenari kontra egin eta eguzkia nagusi izan da igande goizean; udazkena bertan dela dioen tenperatura freskoak, ordea ez. Zeruari gutxi begiratuko zioten ibilbide motza edo luzea aukeratu duten 256 mendizaleek, zer ikusi interesgarriagoak izango baiziren tontorrera bidean eta gainean bertan. 

Lasarte-Oria Traileko kideek gelditu gabe lanean aritu dira egunsentitik IV. Mendi Festa antolatzen. Goizeko 09:00etan abiatzekoa zen ibilaldi laburra eta partaideak Okendon elkartzen joan dira. Zerrendak begiratu, beraien txartelak jaso, irteera orduaren zain egon dira. 171 lagun abiatu dira Andatza bidean, bi ordu lehenago 85 lagunek egin bezala, hauek, aldiz, Buruntza zuten lehen tontorra.

Abiapuntura itzultzean, txokolate beroa eta txurroak, barkiluak edo gailetak eskaini dizkiete antolatzaileek. Baita opariz betetako poltsa ere. Batzuek, gainera, zortea izan dute eta zozketan sari bat irabazi dute. Unean begiratzeko eskatu diete, horietako zenbait plazan bertan baitzituzten emateko. 

Uneren batean euria egin badu ere, oro har, partaideak ez dira apenas busti; eta uste zutenaren kontra lokatz gutxi topatu dute Andatzan. Tontorra aldatu izanak nahasmen bitxiren bat eragin du. Villabonatik etorritako bi lagunek ia ordubete berandu ekin diote probari, baina okerreko mendia igo dute. Buruntzan inolako seinalerik ez topatu izanak eta beste partaiderik ez ikusi izanak harritu baditu ere, aurrera jarraitu dute. Plazan pozik zeuden, hala ere. 
Iparraldetik etorritako Hegoak Mendian taldeko zazpi kidek zortzigarrena gurpil aulkian eraman dute Andatzan gora eta behera. Helmugako arkua bertan zeudenen txaloen artean zeharkatu dute. 

Andatzara joan-etorria egiten lehena Iñigo Otaegi izan da, 1:16, emakumezko azkarrenak, berriz, elkarrekin bidea egin duten Leire Belartieta eta Haizea del Olmo izan dira. Ibilbide luzean, Buruntza, Adarra, Zorrotzarri, Onddi eta Santa Barbaran barrena ibili ondoren gainerakoen aurretik heldu dira Aitor Aranburu Pino eta Borja Granado Macazaga izan dira. Hiru ordu eta erdi luze behar izan dute helmugara iristeko (3:39:52).