Jolasak nagusi izan dira jaien azken egunean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 10a, 20:11

Igandearekin asteburua eta Extremadura Etxeak antolatutako jaiak amaitu dira, baina bandera jaitsi artean jai giroa ez da eten. Haurrek izan dute lan gehien goizean. Punteria onena nork duen ebatzi artean, beste batzuek nahiago izan dute marraztu, moztu edo eskulanak egin. Luze joan da eta ginkana egiteko denborarik ez dute izan. Trukean, gozo-eltzeen sokei tiraka oparitxoak lortzen ahalegindu dira haurrak. Zorterik izan ez dutenei gutxi iraun die atsekabeak buruhandiengandik ihesi uxatu baitute. Erraldoiekin batera plazara heldu direnean, oholtzan emanaldia egiten ari ziren Semblante Andaluz elkarteko Duende hirukotea. Arratsaldean, dantza egin dutenak Brotes de Encina-ko kideak izan dira. Iruñeatik etorritako taldeak Extremadurako doinuak kantatu eta dantzatu ditu, aulkiak eta ingurua bete dituztenen aurrean. Ia ordubeteko atzerapenarekin hasi direnez, bolo txapelketari ere aurreikusitakoa baino beranduago ekin diote. Emanaldia amaitu arteko tarteak, ordea, aukera eman die gaztetxoei jaurtiketetan saiatzeko, haientzako txapelketarik ez baitzegoen. Lehiatu direnen artean hasiberriren bat bazen ere, gehienei nabari zitzaien ez zirela beraien lehen jaurtiketak. Irabazleak ebatzita, sariak banatu, eta hurrengo urtera arte gorde dute bandera.

Erlazionatuak