Gogotsu eta gogotik ospatu dute Guadalupeko Amaren eguna

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 9a, 22:29

Festen egun handia zen larunbata eta ekimenez beteta etorri da. Goizetik gauera luzatu den egitarauak herritar ugari batu du Jaizkibel plazan. Guadalupeko Amaren omenezko mezaren ondoren, herri bazkarirako paellak prestatzen aritu dira egoitzaren terrazan. Meritu itzela dute su artean ibili direnek, nahikoa bero egiten baitzuen bestela ere. Arratsaldean, umore ona izan da nagusi: futbolin txapelketa kooperatiboa, erraldoiak eta buruhandiak, araurik gabeko sokatira, karaokea eta bakarrizketa. Azken txanpan, afaria egin dute egoitzan eta zezen suzkoaren ondoren, musikaren txanda izan da. Angel Barrera buru, elkarteko kideek 45 bat lagunentzako otordua prestatu dute: iberikoak, onddo eta iberiko hostopila, Tuterako kukulu, hegaluze eta piper entsalada, ehizakia sagar eta gazta purearekin, eta etxeko postrea. Horretaz guztiaz gozatu ahal izan dute mahaiaren bueltan eseri direnek, besteak beste, Agustin Valdivia alkatea eta beste zenbait udal ordezkari.

Gaur, hilak 10

  • 10:30ean, marrazki lehiaketa haurrentzat, 2KN kafetegian.
  • 11:30ean, haurrentzako jolas eta tailerrak, Jaizkibel plazan.
  • 12:00etan, ginkana, Jaizkibelen.
  • 13:00etan, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandien kalejira, Adarra kaletik abiatuta.
  • 13:00etan, Semblante Andaluz elkarteko dantza taldeen emanaldiak: Duende, Gitanillas del Alba eta Zambra. Jaizkibelen.
  • 14:30ean, herri bazkaria, Extremadura Etxean.
  • 17:00etan, Brotes de Encina taldearen emanaldia, Jaizkibelen.
  • 18:00etan, bolo txapelketa, 18 urtetik gorakoentzat, Jaizkibelen.
  • 19:00etan, sari banaketa, Extremadura Etxean.
  • 20:00etan, bandera jaistea eta festen amaiera, Extremadura Etxean.