Txistularien dianak esnatu du auzoa eta jaiari ekitekoak zirela ohartarazi die Oriako bizilagunei. Txartel hoteletik abiatu dira musikariak, bertan pieza pare bat jo ondoren, antolakuntzako lau kide lagun zituztela. Aldi berean, kapera ondoan, haurren eskulan tailerrerako prestaketa lanetan ari ziren. Koadro bat margotzeko aukera izan dute irudi, hizki edo nahi zutena bertan marraztu eta koloreztatzeko. Beso, arropa eta mahaiak ere nahi gabe kolorez zikindu dira, baina hori ez da arazo izan.
Lozeteko buruhandi eta erraldoiak agertu behar ziren orduan, Xumela koroa izan da protagonista. Aurten mezan abestu beharrean, elizkizunaren aurretik egin dute saioa. Atari aurrealdean abestu dituzte kanta ezagunak mezaren garaia heldu den arte. Hamaiketako egiten gelditu dira koruko kideak, haurrek eman dizkieten gozokiak jan eta buruhandi eta erraldoiekin korrika egin duten bitartean. Felix Garitanok eman du meza eta hura entzuten izan diren herritarrekin batera Agustin Valdivia alkatea, PSE-EEko gainerako zinegotziak eta Jon Antxordoki egon dira. Hiru ordu laurden geroago irten direnean, luntxa ia prest zuten. Azken minutuak eta mokadutxoa, txandaka girotu dute txistulariek eta Xumelako lagunek.
Egun bereziki eguzkitsu eta berorik egin ez badu ere, Brunet Eneako lorategian gustura busti dira haurrak ur globo eta pistolekin borrokan. Askari goxoa banatu diete eta puzgarriak ere izan dituzte saltoka ibiltzeko edo aurpegia margotzeko aukera. Jatetxe aurrean punteria proban jartzen aritu dira toka txapelketan, burdinari jo nahian. Horretan ari zirela, kapera ondoan Sorgin Dantzarako dena prestatzen ari ziren. Txistulariekin batera, prestatutako dantzak egin dituzte, lehenik han, eta kale jiran joan dira ondoren, lorategiraino. Han zeuden ia denen begiradapean berriro egin dute emanaldia, eta nahi izan dutenekin dantzan amaitu dute.
Azken txanpan, zunba erakustaldia eta dantzan jarraitu nahi izan dutenentzat Ibai Berriak taldearen saioa egin dituzte.