Lasarte-Oria udalerri gisa eratu zenetik (1986ko otsailaren 15ean) aurrenekoz, koalizio gobernu bat izango du, horrela jarduteko akordioa egin baitute PSE-EEk eta EAJk. Herenegun aurreratutakoa berretsi dute gaurko ezohiko saioan, bi alderdi horietako zinegotzien hamar botoekin. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztutako programak bateratu eta datozen lau urteetan 183 proposamen aurrera eramateko konpromisoa adierazi dute.
Sozialisten eta jeltzaleen gobernagarritasun itun hori kritikatu du EH Bilduk, oposizioko indar nagusiak. Koalizio subiranistaren bozeramaile Esti Garmendiak adierazi duenez, "ahaztu" egin zaie honako hau azaltzea: "Lehen ondorioa da garestiago ordainduko dituztela herritarrek bi alderdi horietako zinegotzien dedikazioak eta gobernuaren antolaketa berria: alkateak 8.395 euro gehiago kobratuko ditu urteko, eta zinegotziek, 6.193 euro". Bidenabar, eskatu du 183 proposamen horien "ildo nagusiak edo puntu esanguratsuak" zeintzuk diren azaltzea. "Ziur gaude herritar askok horrelako komunikazio gardena eskertuko luketela". Komunikazioari buruz, gehitu du EH Bilduri ez zaiola aproposa iruditu akordioa irudikatzeko modua, eta "polita" litzatekeela "politikarioi hainbeste gustatzen zaizkigun talde irudi esanguratsu bat azaltzea", alegia, gobernu berriko kideek elkarrekin argazki bat ateratzea, "irudi batek asko adierazten baitu".
Garmendiak, hitzartze horretan, Ana Urchueguiaren afera ekarri du gogora. "Akordioa iragarri baino astebete lehenago eman zuten auzi horren behin betiko epaia auzitegian, baina, udalak, akusazioaren parte izanik, oraindik ez du adierazpen publiko berri bat bateratu gertatu denaren gaineko balorazio bat egiteko". EH Bilduri "ezinbestekoa" iruditzen zaio hori, "herri gisa aurrera egin ahal izateko". "Gogoratu nahi dugu koalizio berri honek jarraipena emango diela Urchueguiaren garaian berarekin lanean aritu ziren kideetako biri". Azaldutako guztia laburbiltzeko, Garmendiak nabarmendu du gobernu berriari buruzko "hainbat zalantza" dituela bere alderdiak eta koalizioa osatuko dutenei eskatu die "gardentasunez" ekiteko legealdiari, herritarrek "eskubidea" dutelako "2027ra arteko ildo zehatzak" ezagutu, "soldaten igoerarekin lortuko dena" jakin eta "Urchueguiaren aferaren irakurketa publiko bat" jasotzeko.
ELOPek ere aurka bozkatu du. Alderdi horren bozeramaile Miguel Angel Tolosak esan duenez, "zerbitzua ez da horrenbeste hobetu saio honetara ekarritako soldata igoera horiek onartu ahal izateko".
Gainerako alderdiek esateko zutena entzun ostean, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza. EH Bilduri erantzunez, jakinarazi du lehen neurria izango dela Michelingo kiroldegiko obra berrien lizitazioa plenora eramatea. Horretarako, ezohiko saio bat deituko du datorren asteartean, hilak 18. Bestalde, adierazi du koalizio gobernuaren akordioa irudikatzearena ez dela "garrantzitsua". Urchueguiaren aferari buruzko ezer ez du komentatu nahi izan.
Hitzartzeak amaituta, bozkatu egin dute, eta gobernu berriaren eraketa onartu, hamar aldeko boto (PSE-EE eta EAJ), aurkako lau (EH Bildu eta ELOP) eta abstentzio batekin (PP). EH Bilduk bost zinegotzi ditu legealdi honetan, baina Uxue Loinaz eta Oihan Agirretxek ez dute gaurko saiora bertaratzerik izan, horregatik eman ditu gaur aurkako hiru boz.
Batzordeak eta ordezkaritzak
Legealdi honetako kontu gehiago landu dituzte gaurko ezohiko saioan. Esate baterako, adostu dute ohiko udalbatzarrak hilabetean behin egingo dituztela (abuztuan salbu), hilabete bakoitzeko bigarren ostegunetan (jaieguna izanez gero, hirugarrenera pasako dute), 18:30ean. Batzorde informatiboei dagokienez, hilabete bakoitzeko lehen astelehen eta asteartetan aurrera eramango dituzte, eta alderdi bakoitzak ordezkari hauek izango ditu: PSE-EEk, hiru; EH Bilduk eta EAJk, bina; eta ELOPek eta PPk, bana.
Bestalde, zehaztu dute zein zinegotzik ordezkatuko duten udala zenbait erakundetan: Añarbeko Uren Mankomunitatean, Agustin Valdiviak eta Jon Antxordokik; San Marko mankomunitatean, Jon Antxordokik; Beterri-Buruntza mankomunitatean, Nuria Fernandez (PSE-EE) eta Jon Antxordokik; Behemendin, Jon Antxordokik; Haurreskolen kontseiluan, Goizalde Pildainek (EAJ); Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko kontseiluan, Nagore Duranek; Oriartekoan, Anne Ugarteburuk (EAJ); EPA-HHIkoan, Nuria Fernandezek; kultur etxekoan, Anne Ugarteburuk; eta Andrejoakinaenea haurreskolakoan, Nuria Fernandezek. Banaketa horrekin ados ez dagoela adierazi du Miguel Angel Tolosak (ELOP), "ez duelako errespetatzen udal korporazioko ordezkarien proportzionaltasuna, EH Bilduren bost zinegotziak kanpoan geratu baitira, adibidez".
Azkenik, Tokiko Gobernu Batzordea hiru zinegotzi sozialistak (Nuria Fernandez, Iñigo Zabaleta eta Txus Alonso) eta bi jeltzalek (Jon Antxordoki eta Anne Ugarteburu) eratuko dute.
Dedikazioak eta soldatak
PSE-EEk lau kide (alkatea barne) izango ditu dedikazio osora, EAJk bi eta EH Bilduk bat. Horrez gain, bi zinegotzi jeltzalek lanaldi erdiko liberazioa izango dute. Alkateak 51.891,15 euro gordin kobratuko ditu urtean, %100eko liberazioa duten zinegotziek 42.786,51 euro gordin urtean eta lanaldi erdira egongo direnek 21.393,26 euro gordin urtean.
Horri lotuta, udal gobernuaren kabinete buruak dedikazio osoa duten zinegotziek bezainbeste kobratuko du, eta idazkariak, 35.422,83 euro gordin urtean.


