Koalizio gobernua osatzeko akordioa egin dute PSE-EEk eta EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 11

Ostegun honetan egingo dute ezohiko bilkura bat gobernuaren eraketaren eta beste kontu batzuen berri emateko. Hala ere, PSE-EEk eta EAJk aurreratu dute akordioa egin dutela 2023-2027 legealdian koalizio gobernu baten bidez herria kudeatzeko. Jeltzaleek hiru zinegotzi izango dituzte, eta beste hainbeste batzorde kudeatuko: Euskara, Kultura eta Kirolak.

Udalerriari "egonkortasun handiagoa" ematea izan da koalizio gobernu bat eratzearen arrazoia, sozialistek eta jeltzaleek azaldu dutenez. "183 neurriko gobernu programa bat aurrera eramateko konpromisoa hartu dugu, egiteke dauden inbertsio handiak bermatzeko eta egungo zerbitzuei nahiz behar berriei erantzuteko". Gehitu dute Lasarte-Oriaren historian "lehenengo aldia" izango dela gobernantza bi alderdiren artean era horretan banatuko dutena.

Udal gobernuak hamar zinegotziren babesa (orotara hamazazpik osatuko dute korporazioa, EH Bilduren bost eta ELOPen nahiz PPren bana gehituta) izango duenez, "gehiengo nahikoa" izango dute PSE-EEk eta EAJk aurrekontuak eta ordenantza fiskalak aurrera ateratzeko, besteak beste. "Lasarte-Oria solidario, elebidun, feminista, jasangarri eta bizi baten aldeko programa bat garatuko dugu". 

Karguak eta batzordeen banaketa

Gauzak horrela, Agustin Valdivia sozialistak jarraituko du alkate izaten; lehen alkateordea alderdi bereko Nuria Fernandez izango da, eta bigarrena, Jon Antxordoki jeltzalea. Bestalde, Tokiko Gobernu Batzordea alkateak berak, PSE-EEko beste hiru kidek eta EAJko beste bik eratuko dute.

Batzordeak honela banatzea adostu dute:

  • Antolaketa, Herritarren Parte Hartzea eta Barne Araubidea: Nagore Duran (PSE-EE).
  • Ogasuna eta Ondarea: Iñigo Zabaleta (PSE-EE).
  • Hirigintza, Obrak eta Ingurumena: Agustin Valdivia (PSE-EE).
  • Zerbitzu publikoak: David Mateos (PSE-EE).
  • Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Lankidetza eta Osasuna: Lourdes Acevedo (PSE-EE).
  • Hezkuntza eta Gazteria: Nuria Fernandez (PSE-EE).
  • Sozioekonomia: Nuria Fernandez (PSE-EE).
  • Jaiak: Txus Alonso (PSE-EE).
  • Euskara: Jon Antxordoki (EAJ).
  • Kultura: Anne Ugarteburu (EAJ).
  • Kirolak: Goizalde Pildain (EAJ). 
Erlazionatuak

Legealdi berrirako udala, osatua

Txintxarri Aldizkaria 2023 eka 17 Politika