Legealdi berrirako udala, osatua

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 17a, 13:54

Agustin Valdivia (PSE-EE) izango da alkatea, eta udalbatza, aurrekoa bezala, parekidea izango da, zortzina gizonezko eta emakumezko zinegotzik osatua. Horien artean, aurpegi berri batzuk badira: Asier Gorostegi eta Oihan Agirretxe (EH Bildu), Ane Ugarteburu eta Goizalde Pildain (EAJ) eta Manuel Palacio (PP).

Udala eratzeko osoko bilkura goizeko 10:00etan abiatu dute. Udalbatza aretoa lepo zegoen, aulkiak beteta, eta lagun ugari haien inguruan zutik. Lehen lerroetan hautetsiak eserita zeuden, euren kargua zin egiteko prest. Lehen urratsa, adineko mahaia eratzea izan da. Elkarrekin Podemoseko Miguel Angel Tolosa da zinegotzi zaharrean eta Ane Ugarteburu jeltzalea, gazteena. Kargua hartu eta lepokoa jantzi ondoren, gainerakoak deitu dituzte banan bana gauza bera egin zezaten. Aulkiak husten joan dira eta mahaiaren bueltakoak betetzen, batzuei ezohiko lekuan egokitu zaie. 

Alkatea hautatzeko bozketa hasi aurretik, EAJko alkategaiak uko egin dio hautagai izateari. Hala, berriz ere, banan bana deitu dituzte hamazazpi zinegotziak eta areto erdian jarritako kutxa barruan utzi dute gutun azala. Denak han zirenean, Tolosa eta Ugarteburuk zabaldu eta barruan idatzitakoa irakurri dute. Valdiviak zazpi boto jaso ditu, Garmendiak, aldiz, bost, eta gainerakoak zuriak izan dira. Hortaz, hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdiko hautagaia aldarrikatu dute, Valdivia, alegia. Zin egin du kargua eta Tolosaren eskuetatik jaso du aginte makila.

Argazki zaparradaren ondoren, alkate izendatu berriak hitza hartu du. Aukera eman die gainerakoei adierazpenen bat egiteko. Garmendia izan da lehena. Zoriondu egin du Valdivia eta eskerrak eman ditu jasotako bozengatik. Inoiz ateratako emaitza onenarekin  pozik daudela adierazi du eta bere alderdiko hautetsi guztiak  udalera "herritarren bizitzak hobetzeko" lanera datozela nabarmendu du, "ardura handiarekin eta konpromiso osoarekin". Hauteskunde ondorengo asteetan EAJ eta Elkarrekin Podemosekin elkartu direla zehaztu du, ez ordea, PSE-EErekin. "Lasarte-Oria egiten jarraituko dugu herrigintzan, udalgintzan, herriko eragileengadik gertu eta gure herrikideen bizitzak hobetzeko lan egingo dugu, klabe horietan lan egiten baduzue, bidean topatuko gara. Asko dago egiteko herrian, beraz, indarrez hastea opa dizuet udal gobenuko kideei", amaitu du. Ondoren, Antxordokik ere hitz egin du, asmorik ez bazuen ere. Eskerrak eman, EH Bildu eta PSE-EErekin bildu direla argitu, eta "legealdi on" bat izango den ustea duela onartu du.

"Lan handiko" agintaldia

Hautatu dutenei eskerrak eman dizkie Valdiviak, baina aurreko hiru urte eta erdian babestu dunei ere. Elkarlanerako gonbita luzatu die gainerako alderdiei, datozen "lan handiko lau urteetan" espero du eta herritarren bizitza hobetuko duten gaietan guztiekin elkarlanean aritzera "irekia egongo dela" ohartarazi du. Errespetuzko harreman on bat mantendu ahal izateko nahia ere adierazi du, eta osasun arazoak medio, udalbatzaren aurretik gainerako alderdiekin elkartzerik izan ez badu ere, egiteko asmoa duela ere aurreratu du. 

Politikarako garai zail eta konplexuak diren hauetan, herrikideak gogoan lan egin behar dutela gogoratu du zerbitzuak eman, bizi kalitatea hobetu, eta erantzun hobea emateko. Bide horretan Herritarren Arreta Zerbitzua baliagarri izatea espero du. Baita antolaketan egiten ari diren aldaketek ere, urtetako joerak hausteko balioko duena. Proiektu garrantzitsuak dituzte eskuartean inbertsioei dagokienean, Atsobakarreko pistak eta lizitaziora aterako duten kiroldegia,  kasu; eta aurrerago, beste batzuei heldu beharko diote, etxebizitzaren arazoa, besteak beste.

 


Udal korporazioko kideak

  • PSE-EE:  Agustin Valdivia, Nuria Fernandez, David Mateos, Nagore Duran, Iñigo Zabaleta, Lourdes Acevedo, Txus Alonso.
  • EH BILDU: Esti Garmendia, Uxue Loinaz, Asier Gorostegi, Oihan Agirretxe, Sandra Barkaiztegi
  • EAJ-PNV: Jon Antxordoki, Ane Ugarteburu, Goizalde Pildain
  • ELKARREKIN PODEMOS: Miguel Angel Tolosa
  • PP: Manuel Palacio