Ostadar SKTko B16 taldea Europe Leagueko garaile izan zen

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uzt. 12a, 15:06

Donosti Cup lehiaketa amaitu da. Lasarte-Oriatik nazioartera, ehunka talde aritu dira lehian Gipuzkoa osoan. Uztailaren 7an eta 8an, Champion Leagueko finalak Anoetan jokatu ziren arren, ez zen herriko talderik egon bertan. Europa Leaguen B16 mailako finalean, aldiz, Ostadar SKTko taldea izan zen. Berion lehiatu zen norgehiagokan Ekintza izan zuen aurrez aurre talde urdin-beltzak eta garaikurra erdietsi zuen

Lehen fasean A multzoan Orlando city estatu batuarra, Madrilgo Aravaca Soccer  Madrid eta Zestoa izan zituen aurkari Iñaki Azpeitia, Rodrigo Gil eta Aitor Aristondok zuzendutako taldeak. Garaipen bat eta bi porrotekin multzoko hirugarren  bezala Europa League fasean sartu zen Ostadarreko taldea. 

Neurketaz neurketa Antigua Luberri BHI, Donostiarra CD, Arin Luzien frantziarra eta Madrilgo CSF Team taldeak garaitu zituzten gazteek finalaren bidean.

Uztailaren 8an Mikel Arregi eta Aitor Otamendi herritarrek zuzendutako Ekintzaren aurka jokatu zuten azken partida. 

Ostadarreko jokalariek gogotsu ekin zioten. Lehen zati borrokatuan Aimar Aristondok aurreratu zuen Lasarte-Oriako taldea eta bigarren zatiaren erdialdean Pablo Campoo eta Iker Lizasoren golek – azkena falta zuzeneko gol "paregabea" – garaipena eman zioten Lasarte-Oriako taldeari. Ekintzak azken minutuetan gainditu zuen urdin-beltzen ateko marra.

Taldeko prestatzaileak pozarren daude jokalariek egindako txapelketarekin. Finalean egondako giroa nabarmentzen dute.

Aurkari berak kaleratu

Ez zen kontsolazioko txapelketako azken fasetik gertu egon zen talde bakarra izan. B19 mailan Ostadar eta Texas Lasartearra taldeak finalerdi eta laurdenetan izan ziren, hurrenez hurren. Biek borrero bera izan zuten, gerora garaile izango zen Martutene KE.

Texas Lasartearraren taldeak final laurdenean egin zion aurre Donostiako taldeari. Michelin kirol gunean, hilaren 7an, Sags Cestas taldea 0-2 garaitu eta egun bat beranduago, Martutenerekin neurtu zituen indarrak. Partidako lehen zatian talde urdin-zuria 0-1 gailentzen joan arren, bigarren zatian bi gol egin zituen Martutenek eta aurrera egin zuen fasean.

Finalerdia, Ostadar SKT izan zuen aurkari Donostiako taldeak. Final laurdenean azken bost minutuetan eskuratutako golari esker, 0-1 gailendu zen Lasarte-Oriako taldea Hondarribiren aurka. Halabaina, finalaurrean ez zuen zorterik izango talde urdin-beltzak. Lehen zatian donostiarrak 1-0 aurreratu ziren eta atsedenaldiaren ostean, banako berdinketa lortu zuen Ostadarrek. Neurketa horrela amaitu zenez, penaltietan erabaki zen sailkapena. Martutenek lautan bidali zuen baloia sarera; urdin-beltzeko jokalariek, aldiz, bitan. 

Gainerako taldeak
Final zortzirenetan erori ziren Ostadar B14 eta Texas Lasartearrako B11, B10 eta B 9 taldeak.

Eta Champions Leaguerako sailkatu ziren Ostadar SKTko B15 eta B13 taldeak zein Europa Leaguean aritu ziren B11 eta G14 zein Texas Lasartearrako B15 eta B13  final hamaseirenetan edo hogeita hamabirenetan utzi zuten txapelketa.