Udala "harrokeriatan" dabilela iritzi du Eguzki Talde Ekologistak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 12a

Lasarte-Oriako Udalak bosgarren edukiontzia jarri zuenetik eta maiatzeko hondakinen gaikako bilketaren datuak kontuan hartuta adierazi duen "harrokeria justifikaziorik gabea" dela nabarmendu du talde ekologistak erredakziora bidalitako ohar batean. Hala, azpimarratu du oraindik ere Donostiarekin batera gutxien birziklatzen duen udalerria izaten jarraitzen duela

Lasarte-Oriako Udalak iragan astean aditzera eman zuen hondakin organikoen zatikiaren gaikako bilketa "nabarmen" hobetu dela. Zehaztu zuen maiatzean 73.270 kilo bildu dituztela, iazko tarte berean baino %60 gehiago (45.790 kilo). Hala ere, zehaztu zuen birziklatze tasa 7,5 puntu baino ez dela igo eta sortutako zabor guztiaren %51,5ekoa izatera iritsi dela urteko bosgarren hilabetean. Bada, gauzak horrela, Eguzki Talde Ekologistak azpimarratu du udalak birziklatze tasa igoera horren aurrean erakutsi duen "harrokeri eta euforia ez dagoela inolaz justifikatua". Eta adierazpenok egiteko, datuetan oinarritutako azalpen zabal bat egin du.

Azaldu dute udalak errefuserako edukiontzi sarrailadunak jarri zituen arren, horiek irekita jarraitzen dutela eta uda pasatu arte, behintzat, ez dituztela itxiko. Horrekin batera, etxeetara bidalitako birziklatze kit-etaz ere mintzatu dira, eta azaldu, organikoaren edukiontziak zabaltzeko txartelak erabili ahalko dituztela lasarteoriatarrek errefusarenak irekitzeko ere (ixten dituztenean).

Birziklatze tasaren ehunekoaren gaineko iritzia

Eguzkiren iritziz, %50 organiko gehiago biltzearen datuak agerian uzten du" orain arte oso gutxi jaso dela eta oraindik oso handia dela hobetzeko tartea". Gaineratu du erakundeak berak jakinarazi duenez, hain handia dirudien %50 horri esker, Lasarte-Oriako gaikako bilketa orokorra (hau da, beira, plastikoak, papera eta gainerakoak barne) %51,5era iritsi dela maiatzean. Gaineratu du orain arteko portzentajea baino gehiago dela, noski –2022an %44,9rekin itxi zen–, baina, hala ere, Lasarte-Oriak jarraitzen du izaten, Donostiarekin batera, San Marko Mankomunitatean gutxien birziklatzen duen herria, eta Gipuzkoako batez bestekoaren nahiko azpitik, gainera.

"Bost urteko atzerapena"

Eguzkik uste du Lasarte-Oriako Udalak mugitzen hasteko "azken momentura arte" itxaroteaz gain, mugimenduak "minimo-minimoetara" mugatzen dituela, eta gailendu, bazela zerbait egiteko ordua. 

Mugimendu horiek, ordea, "atzerapenarekin" datoz talde ekologistaren ustez: "Atzerapen hori gutxienez 5 urtekoa da. Izan ere, Ingurumen diputatu José Ignacio Asensio –Lasarte-Oriako alkatearen alderdi berekoa– harro jakinarazi zuen 2020an Gipuzkoako birziklatze tasa %55,24koa zela, eta, beraz, Europak 2025erako ezarritako %55eko helburua gaindituta zegoela. Bestela esanda, Gipuzkoako herriek, orokorrean, 2020an lortu zuten Lasarte-Oriako Udala orain 2025erako planteatzen ari den helburua". Datu horri jarraiki, adierazi dute garbi dagoela herriko erakundeak ez duela konpromisoaz harro hitz egiteko zilegitasunik.     

"Eskerrak ematea ondo dago, baina hobe litzateke hobariak aplikatzea"

Eguzkiren iritziz ondo dago birziklatzearen alde egiten duten herritarrei eskerrak ematea "ondo" dago, baina hobe litzateke hobari edo deskontua aplikatzea: "Udalak tarifa finkoa inposatzen jarraitzen baitu. Hau da, birziklatzen dutenek eta birziklatzen ez dutenek berdin-berdin ordaintzen dute. Tarifa finkoa antiekologikoa ez ezik sozialki injustua ere bada,  arduraz jokatzen duten birziklatzaileak zigortzen dituelako, eta axolagabeak, berriz, saritu. Izan ere, birziklatzaileek, konpromiso gehiago hartzeaz gain, tasa finkoaren bidez besteen axolagabekeria finantzatzen dute". Gogorarazi dute antzeko bilketa sistema duten inguruko herrietan egiten hala egiten dutela.