ESKUALDEA

Errekalde eta Galarreta artean egin asmo duten bidegorria zabaltzeko eskatu du Eguzkik

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 12a

Argazkia: Eguzki Talde Ekologista.

Gipuzkoako Foru Aldundia jendaurrean erakusten ari da Errekalde eta Galarreta bitarteko bidegorriaren egitasmoa. Alegazio bat jarri dio proiektuari Eguzki Talde Ekologistak, aurreikusitako zabalera handitu egin behar dutela uste duelako. "Hiru metroko bidegorri bat aurreikusi dute, txirrindulari eta oinezkoek bi norabideetan partekatutakoa, baina, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuaren arabera, lau metro zabal behar dituzte".

Foru Aldundiak aipatu egitasmoan jaso dituen xehetasun gehiagori buruz jardun da Eguzki. "Hiru metrokoa da bidegorri horren sekzio tipoa, baina, zenbait puntutan, 1,8 metrora murrizten da. Gune horietan saihetsezinak izango dira txirrindularien eta oinezko gatazkak". Zabaleta murriztea erabaki izanaren arrazoia ere kritikatu du talde ekologistak: "Erreka edo baso bat babesteko izango da estuagoa zenbait gunetan? Ez, proiektu hori egiteko irizpideetako bat militarrek Lore Tokin dituzten lursailak ez ukitzea izan delako; Espainiako Defentsa Ministerioaren jabetzako lursailetan inolako eraginik ez izatea aitortu dute egitasmoaren memorian". 

Horregatik guztiagatik, Eguzkik azpimarratu du proiektua ez zaiola egokia iruditzen eta zabaltzeko eskatu du. Bidenabar, beste alegazio batzuk aurkeztu ditu, naturarekin estu lotuta daudenak: "Bidegorriak eragina izango du harizti batean; alde horretatik, ahal den esku hartze zorrotz eta zehatzena nahi genuke, albo kalterik gabekoa". 

Atzerapen "handia"

Eguzkik aditzera eman duenez, 2021. urtetik zerbitzuan egon behar zuen Errekalde eta Galarreta arteko bidegorriak; hala jaso zuten arduradunek Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean. "Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak erabat ahaztua zuela zirudien, harik eta Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massague-k espresuki erreibindikatu eta lehen lerrora pasa zen arte", gogoratu du talde ekologistak. "Duela bi urte, urtarrilean, iragarri zuten iazko udan museo horretaraino arteko zatia eginda egongo zela, baina ez zituzten aurreikuspenak bete. Hasi, hasi dira lanean, nahiz eta gutxienezko zabalera ez duen bidegorri bat onartzeko prest ez gauden". 

Horri lotuta, Eguzkik honakoa deitoratu du: "Badirudi interes handia dagoela Chillida Lekuraino arteko zatia egiteko, baina, hortik aurrerakoa aurrera eramateko, berriz, ez, orain arte behintzat. Adi egon beharko dugu, bidegorri hori ez delako soilik garrantzitsua museoari zerbitzua emango diolako, baizik eta Urumea bailara osoari; Gipuzkoa ekialdekoak eta Oria bailarakoak zein kostaldekoak lotzea ahalbidetuko du". 

Errekalde-Galarreta bidegorria atzeratutako egitasmoetako bat baino ez dela azpimarratu du Eguzkik. "Diputazio berriak lan handia du kontu horietan, azpiegiturak barraskilo abiaduran doazelako eta aspalditik daudelako zentzuzko edozein epetatik kanpo". Hori berreste aldera, honako datu hau eman du taldeak: "Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak aurreikusi zuen 207 kilometro bidegorri eraikitzea 2013 eta 2021 bitartean; bada, 70 baino ez dituzte eraiki, %33,8".