Hondakin organikoen zatikiaren gaikako bilketa %60 igo da maiatzean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko uztailaren 5a

Lasarte-Oriako Udalak aditzera eman duenez, "nabarmen" hobetu da hondakin organikoen zatikiaren gaikako bilketa. Maiatzean 73.270 kilo bildu dituzte, iazko tarte berean baino %60 gehiago (45.790 kilo). Hala ere, zehaztu du birziklatze tasa 7,5 puntu baino ez dela igo eta sortutako zabor guztiaren %51,5ekoa izatera iritsi dela urteko bosgarren hilabetean.

Birziklatzeari buruzko kanpaina balioan jarri du udalak eta eskerrak eman dizkie egunero hondakin guztiak "behar bezala" bereizten dituzten herritar eta establezimenduei. Era berean, barkamena eskatu du, zenbait etxebizitzatan arazoak izan dituztelako edukiontziak irekitzeko txartel elektronikoekin. 

Maiatzeko datuak onak izanagatik, kanpainaren sustatzaileek nabarmendu dute "gehiago" nahi dutela. "Hondakin organikoak sortzen ditugun guztien %40 dira, eta horien herena baino ez ditugu bereiztuta biltzen. Hobetzeko asko dugu". Oraingoz, edukiontzi marroiak (organikoarenak) baino ez dauka sarraila, eta ez dute zehaztu errefusaren kontenedoreak noiz izango duen, nahiz eta aurreratu duten udaren ostean izango dela. Gauzak horrela, lasarteoriatarren parte hartzea bultzatzen segiko dute, gutxieneko birziklatze tasen konpromisoak betetzeko (%55 gutxienez 2025ean, eta, 2030ean, %60). 

Norabide horretan, udalak zehaztu du "oinarrizko informazioa eta baliabideak" ematen jarraituko duela: poltsa konpostagarriak makinetan eta jarduera ekonomikoetarako nahiz elkarteetarako zorro handiak, udaletxean.