ESKUALDEA

Jaiotzear daude material eta webgune berrituak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 16a, 10:15

Buruntzaldeko sei udalek makina bat urte daramatzate jaioberrien familiei hainbat material bidaltzen: zorion gutuna, hizkuntzari buruzko aholkuak biltzen zituen Etxeak du giltza, ibilgailuan jartzeko pegatina eta abestien CD bat. Azken urteetan hori guztia izan da sendiekin partekatu izan dutena. "Gogo onez jaso izan dute, zalantzarik gabe, baina urteak aurrera doaz eta aldatu egin da gure gizartea; bestelakoak dira pentsaerak eta ohiturak", adierazi dute. Horren aurrean, 2022. urtearen hasieran material hori guztia berritzeari ekin zioten, "ilusio handiz", eta dagoeneko badute esku artean lan horren emaitza, laster herritarren esku jarriko dutena; 2023-2024 ikasturtea hasten denerako, hain zuzen. 

Materiala berritzeko garaian bi erronkarekin topatu ziren eskualdeko udalak: alde batetik, gure herrietako biztanleria aldatzen ari denez, gero eta gehiago dira kanpotik etortzen direnak, euskara badela ere ez dakitenak; bestetik, papera gero eta gutxiago erabiltzen denez komunikazioan, bestelako kanalak erabili behar dira. Lehenengoari dagokionez, keinu berezia egin diete gure artera etorritako horiei hainbat hizkuntzatan zoriontzerakoan, eta umeekin egunerokoan erabiltzen diren esaerak modu atseginean eskainiz. Bigarrenaren bueltan, euskara.buruntzaldea.eus webgunea berritzen ari dira, eta QR kodeen bidez lotzen paperean sortu duten material berria eta atari digital horretako bestelako euskarriak: bideoak eta audioak, adibidez. 

Bideoek "balio berezia" dutela nabarmendu dute, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilgo haur eskolen laguntza izan baitute horiek ekoizteko. "Bereziki eskertu nahi diegu egindako ahalegina eta lana". 

Egitasmoaren helburua da familiak ere hizkuntzak ikasteko prozesuaren parte egitea, bidelagun izan behar baitute haurrek egingo duten bidean. Norabide horretan, hizkuntza ongi eskuratzeko baldintza egokiak ematea funtsezkoa da, bi hizkuntza ofizialetan eroso komunikatzeko gai izango badira.

Hizkuntzak ikasten laguntzeko ardura, familiena ere bai

Haurrek eskolan euskaraz ikasiko duten arren, familiek ere umeen bidelagun izan behar dute hizkuntzak eskuratzeko prozesuan, horretarako baldintza aproposak eskainiz. Gizarte eleanitz batean bizi gara egun, eta gure seme-alabak halakoak izango dira. Onuragarria izango da haientzat edozein egoeratan bi hizkuntza ofizialetan eroso komunikatzea.

Guraso euskalduna(k) bazara/bazarete

Familiako kideek beren artean euskaraz egiten badute, haurra txikitatik ohartuko da tresna baliagarria dela eguneroko bizitzarako. Euskaraz egin zuen artean, eta nola ez, umeekin ere bai!
Saiatu beste arlo guztietan ere euskarari lekua ematen: zaintzaile euskalduna hautatu, euskarazko aisialdiaren alde egin...
Garrantzitsua da haurrak jolasteko eta ikasteko erabiliko dituen ipuin, joko eta abarretan euskarak presentzia izatea.
Gertuko nahiz ezezagun, lehen hitza euskaraz egin beti.

Bikote mistoak

Komeni da gurasoetako bakoitzak haurrari dakien hizkuntzan egitea, umea txikitatik elebiduna izateko. Guraso euskaldunak euskaraz egitea garrantzitsua da, eta ez dakienak hizkuntza horrekiko jarrera ona eta interesa izatea.
Saiatu beste arlo guztietan ere euskarari lekua ematen.
Garrantzitsua da haurrak jolasteko eta ikasteko erabiliko dituen ipuin, joko eta abarretan euskarak presentzia izatea.
Inguruan euskal hiztunak badituzue, eskatu haurrari hala egiteko, erreferente gehiago izan ditzan.
Gertuko nahiz ezezagun, lehen hitza euskaraz egin beti.

Euskaraz ulertzen baduzu(e)

Zuen ama hizkuntza ez bada, zaindu etxekoa eta saiatu ahalik eta eredu osoena eskaintzen. Garrantzitsua da hizkuntzarekiko harreman ona eta jarrera positiboa igortzea.
Euskara ahal duzuen guztia erabili, ondo dakizkizuen esaldi eta formulak erabilita.
Saiatu beste arlo guztietan ere euskarari lekua ematen.
Haurraren jaiotza motibazio ezin hobea izan daiteke euskara ikasten jarraitzeko eta umeari laguntzeko. Animatu eta eman izena euskaltegian!
Eskatu zuen ingurukoei eta beste guraso euskaldunei zuei euskaraz egiteko.

Euskara ez baduzu(e) ezagutzen

Oso garrantzitsua da jarrera ona izatea; ama hizkuntza zaintzeaz gain, beste batzuk ikasteko interesa erakustea.
Funtsezkoa da euskara alor guztietan presente egotea: zaintzaileak, aisialdia... 
Haurraren jaiotza motibazio ezin hobea izan daiteke euskara ikasten hasteko eta umeari laguntzeko. Animatu eta eman izena euskaltegian!
Euskarazko irakaskuntza hautatuz gero, bermatuko duzue haurrak euskararen eta gaztelaniaren ezagutza maila antzekoa izatea.
*Oharra: atal honetako informazioa gaztelaniaz jasoko dute gurasoek eskuorrian.