Martxan jarraitzen du 'Apelliduak abizendu' kanpainak...?
Bai, eta aurten dagoeneko lau dira abizena euskaraz jartzeko eskaera egin dutenak Andoainen, aurreneko lauhilekoan. Hasieran izan zen kolpea, abizenak euskaratzeko aukera zabaldu zenean, 2000. urtean. 30 bat eskaera izango genituen orduan. Baina gerora ere jarraitu dute etortzen, tarteka. Kontutan hartu behar da, seme-alabak adin txikikoak badira, gurasoek abizena aldatuz gero haiei ere aldatzen zaiela, eta beraz, espediente bakarrean egiten dela aldaketa guztia. Gerora ez dute beraiek egin behar berriro.
Nolakoa da abizena euskaratzeko prozesua?
Oso erraza da. Bake epaitegira agertu behar duzu, bakoitza bere herrikora; eta bost minutuko kontua izaten da. Ekarri behar dira nortasun agiriaren kopia; errolda agiria, erakusteko herrian erroldatuta zaudela; eta jaiotza agiria edota aldatu behar duzun beste edozein agiri, ezkontza agiria adibidez. Horrela, aldaketa bideratzen da agiri guztietara. Bake epaitegian begiratzen dugu eskatutako aldaketa onartuta dagoen, eta momentuan egiten dugu.
Zein aldaketa daude onartuta?
Euskaltzaindiak esaten duenaren arabera jokatzen dugu. Muga batzuk daude, eta ezin dugu onartu edozein aldaketa. Dena den, Euskaltzaindiaren irizpideak aldatuz doaz, egokitzeko. Adibide xelebreena Mujika abizenarena izango da. Múgica, Euskaltzaindiak Muxika gisa itzultzen du, j beharrean x erabilita. Orain onartuta dago j-rekin, baina hasieran ez. Eta jendeak esaten zigun j-rekin eta k-rekin nahi zuela, ez x-rekin, baina Euskaltzaindiak ez zuen onartzen.
Gainera, jatorri euskalduna duten abizenak euskaratu daitezke, ez jatorri erdalduna dutenak. Rodríguez abizena, esaterako, ezin da euskaratu eta u hori kendu. Eta erderazko abizenen itzulpena ere ezin da egin: Huertas abizena daukanari, ezin diogu Baratzak jarri, ez dauka zentzurik. Jatorri euskalduna duten abizenetan, hizkiak aldatu eta euskarazko grafiara ekartzea da Apelliduak abizendu egitasmoaren helburua.
Zein senideri eragiten dio norberak abizena aldatzeak?
Pertsona baten abizena aldatzean, seme-alabei aldatuko zaie baita ere, baina adin txikikoak badira bakarrik. Adin nagusikoen kasuan, beraiek eskatu beharko dute aldaketa. Gainerako senideei ez die eragiten aldaketak. Esaterako, zuk abizena aldatuz gero, zure anaiari ez zaio aldatuko, berak etorri beharko du. Bakoitzak eskatu behar du berea.
Abizena aldatu ondoren, gainerako dokumentazioan ere egin behar duzu aldaketa?
Bai, hori norberak egin behar du gero. Nortasun agiria berritzera zoazenean, eraman behar duzu agiri bat, adierazten duena abizena euskaratu duzula, eta aurrerantzean beste modu honetara idatziko dela. Agiri hori bake epaitegian bertan emango diegu. Eta kasu batzuetan, bertan jaiotakoak ez izan arren, aukera baldin badaukagu jaiotza agiria ikusteko, eman diezaiokegu.
Baina norberak eskatu behar du aldaketa gero, nortasun agiria berritu behar duzun hurrengo aldian. Adibidez, aurrekoan etorri zitzaidan gizon bat bake epaitegira, abizena euskaratzera. Etxekoek esaten zioten, bera bakarrik falta zela abizena euskaratzeko, NANean gaztelaniaz ikusi ziotelako. Begiratu genuen, eta esan nion dagoeneko euskaratua zeukala abizena, 2001. urtean edo. Kontua da, aldaketa egin ondoren, ez zuela NANean ere aldatu.
Komeni da ahalik eta azkarren egitea abizena euskarazko grafiara aldatzeko tramitea?
Nik gomendatzen dut gaztetan egitea. Printzipioz, ez litzateke arazorik egon beharko gerora ere; baina demagun etxebizitza erosi duzula, eta eskrituretan azaltzen dela euskaratu gabeko abizena. Gerora abizena aldatuta, arazoak sor daitezke, zu ote zaren eskrituretan ageri dena, eta agiri gehiago aurkeztu beharko dituzu agian, pertsona bera dela egiaztatzeko. Gaztetan egiten baduzu, aldiz, toki guztietan agertuko dira abizenak euskaratuta, eta ez duzu arazorik izango.
Abizena ez ezik, izena ere alda daiteke, ezta?
Bai, izenarekin ere berdin. Gainera, izenekin bi kasu ezberdin daude: izena euskaratzea, edo aldatzea. Jesus Maria bazara, euskaratuta izango zara Josu Mirena. Baina Josu bakarrik jarri nahi baduzu, orduan aldaketa bat egitea da. Alegia, Mirena kentzea aldaketa da. Baina biak egin daitezke, eta erraza da. Kasu horretan ere, Euskaltzaindiaren arabera jokatzen dugu, ezin da edozein aldaketa onartu. Baina, esan bezala, egokituz doaz irizpide horiek ere: gauza bizia da hizkuntza, ez da zerbait finkoa, kaxa batean sartuta dagoena; eta hasieran onartzen ez ziren izen pila bat, onartuta daude orain.
Doakoak dira tramite horiek?
Bai, doakoak dira. Epaitegietako prozedurak doakoak dira, orain arte. Leku bakarretakoa izango da. Beraz, abizena euskaratu nahi dutenek, prozesua zaila edo garestia denik ezin dute esan; aitzakia hori, behintzat, ezin dute erabili.
Milaka 'apellidu abizentzeko' aukera, Buruntzaldeko udalen ekimenari esker
Badira urte batzuk, Apelliduak abizendu ekimena martxan jarri zutela Buruntzaldean. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekimenetako bat da, tokian tokiko bake epaitegiekin lankidetzan. 2000. urtetik dago abizenak zuzenean euskalduntzeko aukera, erregistro zibilaren legearen 40/1999 erreformak ahalbidetu baitzuen hori; ordura arte, abizenak aldatzeko prozeduraren bitartez egiten zen. Orduz geroztik, makina bat izan dira apelliduak abizentzera animatu direnak: Echeverria, Aguirre, Lecuona edo Erquicia izateari utzi, eta Etxeberria, Agirre, Lekuona edo Erkizia izatera pasa direnak, besteak beste.
Izan ere, hala nahi duenak oso erraz egin dezake aldaketa, nork bere herriko bake epaitegian. Hiru agiri eraman beharko dira: errolda agiria, udaletxean eskatu behar dena; jaiotagiri ofiziala, jaioterriko bake epaitegian bertan eskuratu beharrekoa; eta NANaren fotokopia. Ezkonduek edota seme-alabak dituztenek, Familia Liburua ere eraman beharko dute. Horiekin Bake Epaitegira bertaratu, eta han bertan egingo dute abizenaren aldaketa, oso tramite sinplea baita egin beharrekoa. Gainera, edozein zalantza izanez gero, Bake Epaitegian jaso daitezke argibide guztiak.
Euskaltzaindiak onartutako aldaketak dira egin daitezkeenak, eta horiek ikusteko aukera dago bere webgunean bertan (www.euskaltzaindia.eus), Hizkuntza-baliabideak arloko Onomastika atalean, deiturei eskainitako txokoan. Milaka abizen ageri dira zerrendan, euskaldunduta.
59 izen eta abizen euskaratuta Buruntzaldean, 2022an
Milaka abizen dira euskaldundu daitezkeenak, eta izenak euskarara ekartzeko aukera ere badago Bake Epaitegietan. Horrela, ehunka izan dira izena edo abizena euskaratu dutenak, Buruntzaldean: azkeneko hamabost urteotan, mila inguru; eta urte horietako batzuetan, ehundik gora.
Oso esanguratsuak dira datuak, kontutan hartuta urte asko pasa direla abizenak zuzenean euskalduntzeko aukera zabaldu zenetik. Andoainen, esaterako, 210 izan dira izena edo abizena euskaldundu dutenak, 2010etik 2022ra bitartean. Astigarragan, berriz, 101 lagunek egin dute aldaketa epealdi berean, eta 171 izan dira Urnietan. Antzeko kopurua izan da Usurbilen ere, 164 lagunek ekarri baitute izena edo abizena euskarara (2011tik 2022ra). Eta Lasarte-Orian, 129 lagunek baliatu dute aukera hori (2012tik 2022ra bitartean).
Gainera, oraindik ere martxa polita darama ekimenak. Joan den urteko kopurua ikusi besterik ez dago horretarako: 59 herritarrek egin zuten izen edo abizen aldaketa, euskaratzeko. Horietatik 16 izan ziren Andoainen, eta 13 Hernanin.
Urtearen herena gainditu berri dugu, baina aurten ere ari dira eskaera ugari jasotzen eta aldaketak egiten, eskualdeko Bake Epaitegietan.
