Zergatik sortu zen Ostadar?
Ostadar 80. hamarkadan sortu zen, konkretuki 1983. urtean. Garai horretan ez genuen udaletxerik eta auzoen arteko harremana estutzeko asmoz I. areto futbol txapelketa herrikoia sortu zen, Gabi Valin eta Mikel Eskisabelek bultzatuta.
Momentu horretan areto futbola modalitate nahiko berria zen eta txapelketak arrakasta handia lortu zuen. Urteren poderioz 47 talde lehiatu ziren herriko txapelketa horretan, oso maila altua zegoen. Aipatzekoa, finalen egunean izugarrizko jaia zegoen herrian, Michelingo frontoia eta kiroldegia jendez gainezka egoten zen partidak ikusteko.
Handik gutxira, saskibaloi txapelketa herrikoia, futbol atala…Gaur arte.
Nola aldatu da kluba 40 urtetan?
Asko aldatu da, gizartea eta denok bezala noski. Sustraiak mantentzea izan da gure helburuetako bat. Elkartea kirol talde bezala jaio zen arren, beti gure herriko balore soziokulturalek kezkatu izan gaituzte. Horregatik, kirolaz harago, horren alde ere lan egin dugu, gure leloak dioen moduan, Herriarekin eta herriarentzat, auzolanean. Hori dela-eta, elkarlanean aritzen gara beste elkarte askorekin: Euskararen Maratoia, Korrika, Tratu on bat, Bizipoza, herriko jaien antolatzaileak…Ahal dugun einean, gure herriaren aldeko proposamenen ondoan izango gara.
Eta kirol arloan?
Egungo Ostadarrek ez du zerikusirik garai batekoarekin. Ikaragarria da dugun mugimendua, astero ia mila kirolari mugitzen ditugu, batzuk eskoletan, besteak kirol federatuetan eta aisiako kiroletan ere. Egun, bederatzi atal ditugu: Atletismo, Saskibaloia, Kirol inklusiboa, Boleibola, Futbola, Mendia, Ipar martxa, Bolo eta toka, Zikloturismoa eta, Beltzak-eko kideen eskutik, Ostadar-Beltzak errugbi eskola.
Gure kirol eskaintza oso zabala da, bai modalitatetan baita adin desberdinentzat ere. Izan ere, kirolari gazteenek 8 urte dituzte eta zaharrenak 80 urtetik gorakoak dira.
Azpiegiturari dagokionez hainbat arlotan profesionalizatu egin dugu kluba, eta 79 entrenatzaile ditugu, atal guztietakoak kontuan izanda. Datuak beldurgarriak dira, baina poliki-poliki bagoaz aurrera.
Herriarekin eta herriarentzat. Kirolaz gain, urte horietan guztietan herria sozio-ekonomikoki laguntzeko ekimenak ere jarri dituzue abian. Zeintzuk izan dira nagusiak?
Bere garaian Lasarte-Oria Bai! txartela bultzatu genuen, 50 denda baino gehiagotan deskontuak egiteko aukera ematen zuen, ideia hori egungo KM0arekin lotuta dago. Aldi berean, adibidez, tokiko txapelketen amaierek ostalaritzaren alde egiten zuten. Jai ederra zegoen.
Krosa, 25 urteko ibilbidearen ondoren, festa-eguna da herrian, eta maila gorenera eramaten ditu auzolanaren baloreak. Herritar ugari murgiltzen da festa egun honetan, korrika egiten ez duena, antolakuntzari laguntzen dion edo kalera jaisten da atletak animatzera. Gaur egun, zentzu horretan, Tratu on bat marka bultzatzen dugu.
Egia da, halaber, kirol ekimen horiek guztiak aurrera eramateko laguntza komertziala behar dugula, eta hori beti jarri dugu balorean. Gure leloak adierazten duen moduan, Herriarekin eta herriarentzat. Azken finean, Ostadarren gaudenok lasarteoriatarrak gara ia-ia %100ean.
Atalen hazkundea aipatu duzu. Hazkunde hori arazo bihurtzen ari da?
Pandemia pasa eta gero gazte asko, eta ez hain gazte, hurbildu dira kirola egitera atal guztietara eta hori arazo bihurtu da egungo instalazioen kopurua kontuan hartuta. Orain arte, arazoa Michelin futbol zelaian zentratuta zegoen, baina gaur egun arazoa kiroldegira iritsi da.
Kirola egiteko baldintzak ez dira egokienak edo erosoenak, hala eta guztiz ere aurrera goaz. Dirudienez, instalazio berriak iristear daude, aspalditik zain gaude. Gu baikorrak gara, ea lehenbailehen eraikitzen dituzten.
Harrobia ere ongi landu duzue eta maila ederra ematen ari dira kirol diziplina ezberdinetako taldeak. Pozgarria da zuentzat?
Gure lehenengo helburua Lasarte-Orian kirola sustatzea da eta hortik aurrera lortzen ditugun emaitza guztiak ongi etorriak dira.
Esparru federatuan kirolari bakoitzak bere bidea egiten du, Errendimenduan edo Partehartzean, eta guretzat denak dira garrantzitsuak.
Baina egia da kirolari batzuek beste dimentsio bat ematen diotela klubari, batez ere banakako esparruari dagokionez. Adibidez: Naroa Furundarena, 23 urtez azpiko Espainiako txapelduna jauzi hirukoitzean, Ander Goenaga mundialista surf egokituan, edo boleiboleko nesken jubenileko taldea Gipuzkoako txapeldun izateak beste ikuspen bat ematen dizu, oso hunkigarria eta atsegina aldi berean. Meritu handia dute denek.
Emakumeek gero eta presentzia gehiago dute kirolean. Ostadarren ere horrela izaten ari da?
Igoera oso nabarmena izan da, aisialdiko kirolean, ipar martxarekin, eta federatuan, saskibaloia, atletismo eta boleibolarekin, emakumeak baitira atal horietako oinarria.
Ezinbestekoa da aukera berdintasuna esparru guztietan, baita kirolean ere, noski. Duela lau urte, klubeko eremu guztietan emakumearen presentzia eta parte hartzea sustatzeko proiektu bat bultzatu genuen eta oraindik martxan dago.
Kirolari, entrenatzaile, ataletako arduradun edo zuzendaritzako kide modura ahal diren emakume gehienek parte hartu eta inplikatzeko asmoa genuen. Emakumezko gehiago hurbildu behar dira erabaki postuetara, bai zuzendaritzara, bai entrenatzaile taldera… Horretan lanean ari gara.
Etorkizuneko Ostadar elkartean pentsatzean, zer datorkizu burura?
Bi ideia nagusi etorri zaizkit burura. Lehena, klubean urte gutxi geratzen zaizkidala, modu altruistan 40 urte kirola sustatzen aritzea urte asko dira. Ideia berriak sortu behar dira, horretarako gazteak hurbildu behar dira…nola egin? Hor dago gakoa. Gaur egun oso azkar bizi gara, teknologia digitalaren garapenak beste era batera eraman gaitu gizarte bezala, beste baloreak sustraitu dira.
Bigarrena, klubaren etorkizuna baikortasunez ikusten dut, oso herri dinamikoan gaude. Lasarteoriatarrok asko baloratu behar dugu urtean zehar egiten diren jarduera guztiak, herri anitza gara kulturalki, abegitsua, agian ez da polita, baina gurea da, Lasarte-Oria erakargarria da bertara iristen den jendearentzat. Daukagunaz gozatu behar dugu, herriko jaietatik hasita, sanpedroak eta Sorgin Jaiak.