Festa giroan agur esan dio Ostadarrek 2022-2023 denboraldiari

Txintxarri Aldizkaria 2023ko eka. 3a, 14:44

Urteroko denboraldi amaierako festa egin du Ostadar SKT-k. Talde urdin-beltza murgilduta dabil bere 40. urteurrenaren ospakizunetan eta data biribilaren oroigarri berezi bat izan nahian, atal eta talde guztietako kideekin bi argazki egin dituzte drone batekin. Ondoren, ohikora bueltatu, eta sari banaketa egin dute.  Kirolari onenaren saria jaso du Aitor Anabitarte saskibaloi jokalariak, eta auzolan saria, Txema Vallesek.

Michelin kirol gunean aurrera eraman du Ostadar SKTk denboraldi amaierako festa. Asteak dira lau hamarkadako ibilbidea ospatzen hasiak direla eta, talde argazki erraldoia egin dute. Zelaian kokatzen joan dira sekzio bakoitzeko jokalariak, eta emandako argibideei jarraituz, lurrean jarritako giden arabera lekua hartzen joan dira. Aurrez aurre jarrita irudikatzea zaila bazen ere, "ostadar" hitzaren hizkiak osatu dituzte zerutik egindako lehen argazkirako. Ondoren, kokalekua aldatu eta bestelako bat atera dute lerroak eta zutabeak eginez.

Zeregin hauetarako ordu erdi luze pasatu dute kirolariek gogotik berotu duen eguzkipean. Iturrira joaterik ez zutenez, arduradunetako batzuek ura banatu diete freska zitezen. Beste batzuk, berriz, sari banaketako oroigarriak mahai gainean jartzen joan dira. Aurtengo bi sari berezien jabeak ezagunak ziren jada: Aitor Anabitarte saskibaloi jokalariak jaso du Kirolari onenari dagokiona eta Txema Vallesek auzolan saria. Anabitarte izan da Ipar Martxako kideek makilekin egindako arku azpia zeharkatzen lehena. Txalo artean iritsi da mahai ingurura eta irribarrea ahoan jaso du oroigarria. Ohiko argazkia eginda, Vallesen txanda izan da jarraian. Urtetan herrian gertatutakoaren berriemaile gisa egindako lanaren aitortza egin nahi izan dio Ostadarrek, eta urduritasun eta hunkidura nahasketa nabari zitzaion. Txalo, argazki eta besarkaden ondoren, kamera hartu eta beste aldera bueltatu da. 

Banan bana deitu dituzte taldeetako arduradunak beraien jokalari jatorrenari saria banatzeko. Ipar martxakoak izan dira lehenak eta haien ondotik, kirol inklusiboa, atletismoa, boleibola... etorri dira, errugbira iritsi arte. Bitxikeria gisa, boleiboleko mutilen taldea aipatzea ahaztu du aurkezle lanetan aritu den Aitor Azkonobietak. Ohartarazi diote, eta sari hori ere bere jabearen eskuetara iritsi da. Mahaia hustu denean, talde argazkia egin dute aintzatespena jaso duten guztiek, gainerakoek bezala frontoira itzal eta hamaiketako bila joan aurretik.