Lasartearra elkarteko zuzendaritza taldeko hiru kidek egin diote harrera kazetariari: Txomin Balza lehendakariak, Iñaki Garcia idazkariak eta Iñaki Gorostegi bokalak, Erribera kaleko 10. zenbakiko egoitzan. Goxoa eta dotorea da barrualdea: sukalde berria, argazki historikoak, eta, batez ere, taillatutako egurra. Balzak azaldu duenez, 1983an berreraiki egin behar izan zuten elkartea, uholdeen eraginez. Ur asko sartu zen, ia metro eta erdiko garaierara iritsi arte. "Urruzola anaien aroztegia eta Patricio Madoz bazkidea arduratu ziren lan hori guztia egiteaz; azken horrek landu zuen egurra".
Elkartea hamar urte lehenago inauguratu zuten, 1973ko uztailaren 31n. "Data ofiziala da hori, gobernadore zibilak orduan eman zuelako irekitzeko baimena, nahiz eta ekainerako prest egon eta zabaldu". Balzak jakinarazi du Lasartearra futbol klubaren egitura baliatu zutela ateak ireki ahal izateko, frankismoaren azken urteetan ezin zelako edozein eratara sortu elkarte bat. Gauzak horrela, hasieran kirol izaera izan zuen eta urte batzuk geroako bilakatu zen elkarte gastronomiko.
1973ko uztail amaieran 110 bazkide zituen Lasartearrak, denak gizonak. Gaur-gaurkoz ere denak dira halakoak, baina gutxixeago, 103. Horietatik hamazazpik 50 urte daramatzate. Omenalditxo bat egingo diete horiei guztiei irailaren 24an, bazkideen egunean.
Estatutu aldaketa
Lasartearrako bazkide guztiak oraindik gizonak izanagatik, Balzak azpimarratu du emakumeek ere aukera dutela elkarteko kide izateko, 2011n estatutuak aldatu zituztenetik. Horretara animatu dituzte: "Gaur egungo zuzendaritza taldea, ni barne, oso alde dago". Jakinarazi du maiatzaren 12an egin zuten bertso afarian (Ane Labaka eta Lierni Rekondo herritarrak aritu ziren bertsotan) bi eskaera jaso zituztela. "Espero dut arazorik ez egotea. Gainera, Anerekin [Labaka] apustua egin nuen: datorren urtean bazkideen argazkia eta izen-abizenak erakusten dituen koadroan bi emakume horiek badaude, berriro etorriko dela abestera". Itxaropentsu dago lehendakaria, duela hamar urte inguru gertatutakoaren arantzatxoa kendu ahal izateko: "Emakume batek bazkide izan nahi zuen baina ezetz esan zion orduko zuzendaritza taldeak, kideen boto gehientsuenak onartzearen aurkakoak izan ziren".
Bazkide berri guztiak urtarrilean sartzen dira eta ez dute zertan gaur egun kide direnen familiakoak izan behar. "Tokiak baditugu eta edonork egin dezake eskaera, gure egoitzara etorrita. Bi bazkideren bermea behar dute horretarako". Kideren bat hiltzen bada, hori bai, ez dute urteko lehen hilabetera arte itxaroten: ahaideren batek hartzen du bere tokia.
Maiatzetik urrira arte
Esan bezala, Lasartearrak 50 urte beteko ditu aurten. Urtebetetze egun ofiziala uztailaren 31 izango bada ere, lehenago hasi dira urtemuga berezi hori ospatzen. Francisco Javier eta Aitor Peña aita-semeek irabazi duten mus txapelketa eta lehen aipatutako bertso afaria. Bihar, hilak 10, larunbata, bere jatorriari keinu bat egingo dio, futbolarekin lotura duten bi jarduera aurrera eramanda: 10:15ean lagunarteko norgehiagoka bat jokatuko dute Texas Lasartearrak eta Ostadarrek, Michelinen. Ondoren, bi taldeetako jokalariek hirugarren denbora egingo dute, errugbian bezala. Hiru ordu geroago, Antonio Mercero gunean elkartuko dira kirol horretan aritu edo aritzen diren profesional batzuk, hitzaldi bat egiteko. Mikel Etxarri entrenatzaileak moderatuko du.
Lasartearrak makina bat ekimen egingo ditu urrira arte. Lehendakariak herritar guztiak animatu ditu jardueretan parte hartzera.
Urteurreneko jarduerak
Hilak 10, larunbata
• 10:15. Texas Lasartearra-Ostadar futbol partida, Michelingo zelaian. Ondoren, hirugarren denbora egingo dute.
• 13:15. Lasarte-Oriako jokalari eta entrenatzaile ohi batzuen arteko hitzaldia, Antonio Mercero gunean. Elkartean bazkalduko dute gero.
Uztailak 31, astelehena
• Jai txiki bat ospatuko dute elkarteko bazkideekin.
Irailak 9, larunbata
• 12:00. Danborrada, Lasartearraren egoitzatik (Erribera kalea, 10) hasita.
Irailaren 18tik 22ra
• Aste gastronomikoa, Lasartearraren egoitzan. Egun bakoitzean plater desberdin bat prestatuko du bazkideetako batek.
Irailak 24, igandea, bazkidearen eguna
• Bazkideentzat: hil diren kideak oroitzeko meza, poteoa Benta Zaharreko Mutil Alaiekin taldearekin eta bazkaria. 50 urte bazkide gisa daramatenak omentuko dituzte gero.
• 13:00. Herritar guztientzat, Erketz EDTren emanaldia, hamaiketakoa eta gaztelu puzgarriak umeentzat, Zumaburu plazan.
Urriak 28, larunbata
• 19:00. Alboka eta Zero Setteren kontzertua. Sarrera, doan.