Pasa den maiatzaren 14an Herri Urrats ospatu zuten. Ez dakienarentzat, jaialdi hori Seaskak antolaturiko Iparraldeko euskal irakaskuntza laguntzeko ekitaldi bat da, eta aurten, koronabirusak eragindako pandemiak eragindako guztiaren ostean, berebizikiko zailtasunak izan dituzte. Festa horrek dirulaguntza lortzea du helburu, bertako ikastolak suspertzeko. Beraz, oso garrantzitsua eta beharrezkoa da.
Senperen (Lapurdi) ospatzen dute urtero Herri Urrats, bertako aintziraren inguruan, baina aurten, eguraldia zela-eta, uholdeak tarteko, zailtasun handiak izan zituzten aipatu ekitaldiarekin aurrera jarraitzeko. Gune asko itxi behar izan zituzten eta kontzertu asko atzera bota, azken unean, horren ondorioz ekarpen ekonomiko handi bat galduz.
Eguneko ekimenak sei gunetan banaturik zeuden, nahiz eta azkenean bakarra geratu zen zabalik. Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa guneetan, kontzertuak eta dantzak ziren nagusi, Baxe Nafarroa gunean erronkak, eta Lapurdi gunean txarangek giro ederra sortu behar zuten. “Haurren xokoan” ere hainbat ikuskizun prestatuta zituzten etxeko txikienek ere ospakizun horretaz goza zezaten. Horietatik guztietatik, ordea, Araba soilik ireki zuten azkenean.
Horretaz gain, aintzira inguruan, Elektropottotte elektrotxaranga talde lasarteoriatarrak jo zuen, beste hainbatekin batera, besteak beste, aurtengo Herri Urratseko kanta (Urratsak zubi) konposatu duen Su Ta Gar.
Ipar Euskal Herriko egoera
Ospakizun horrek urtero lortzen duen diru guztia hezkuntza euskalduntzera bideratzen du, hau da, Iparraldeko ikastolak laguntzera. Horrexegatik, aurten uholdeak direla eta, jende gutxiago joan denez eta gune asko itxi direnez, ezin izan dute behar adina diru lortu. Hori dela eta, dirulaguntzen garrantzia azpimarratu nahi dizuegu.
Ipar Euskal Herrian hezkuntza euskaldun bat jasotzeko aukera izatea oso zaila da ez baita eskubide bermatu bat, eta Herri Urrats hau babesten duen ekintza garrantzitsua da. Gainera, Seaska da Iparraldean euskal hezkuntzaren alde egiten duen talde bakarra, hain zuzen ere, festa horren antolatzailea. Euskal Herriko iparraldeko gazteek, kasu askotan, ez dutenez hezkuntza euren ama hizkuntzetan egiteko aukerarik, horrelako ekintzak indartu beharra dago.
Horren adibide da Baxoa proba, Hegoaldeko USE probaren parekoa izango litzatekeena. Unibertsitatean sartzeko proba hori ezin izaten dute euskaraz egin euren hezkuntza ibilbide guztia euskaraz egin duten ikasleek. Horregatik, hainbat borroka eta aldarrikapen pizten dira urtero-urtero eta ehundaka ikaslek azterketa ez gainditzeko arriskua hartzen dute euren desadostasuna erakusteko.
Diruz laguntzeko bideak
Beraz, bistakoa da Ipar Euskal Herriko euskararen egoera kritikoa dela, batez ere hezkuntzari dagokionez, eta horregatik, horrelako ospakizunetara bideraturiko ekintzak bermatzeko beharra dutela. Horretarako, Herri Urratsek lortutako dirua horretara bideratuta zegoen besteak beste. Hortaz, diru kopuru handia galdu dutela ikusita, lagundu nahi duenak edo lagundu dezakeenak hurrengo kontu zenbakietara diru laguntzak bidaltzea besterik ez du egin behar, bakoitzak nahi duen eta ahal duen neurrian. Azpiko taulan dituzue kontu korronte zenbakiak.
Irakurtzen ari zareten hau ikasturteko azken-aurreko artikulua da. Ekain erdialdean argitaratuko dugu azkena.
Adi egon!
Laguntza emateko modua
Herri Urrats antolatzen dutenei eta Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasi eta irakatsi nahi dutenei laguntzeko aukera dute herritarrek. Hauek dira banku desberdinetako kontu korronte zenbakiak, bakoitzak ahal duen bezainbeste diru ingresatzeko:
• Caisse d'Epargne FR76 1333 5000 4008 9397 1116819.
• Credit Mutuel FR76 1027 8023 8500 0201 4340107.
• Laboral Kutxa ES87 3035 0059 8205 9073 1197.
• Kutxabank ES98 2095 5045 8710 6117 7332.
• Bizum bidez, Herri Urrats aukeratuta dohaintza bat egiteko.
• Eusko bidez, 790152743 kontu zenbakian.