Tailer hauek bi helburu nagusi dituzte. Lehenik estereotipo eta aurreiritzi kolektiboak desegitea da, hau da, feminizazio zein maskulinizazio hegemonikoa deseraikitzea, baita heteronormatiboa suntsitzea ere. Euren helburua gizartearentzat “normala” dena alde batera uztea da; sexu, orientazio sexuala, etnia, klase, arraza, erlijioa eta kultura ezberdinetako mespretxuak desagerraraziz. Biolentzia matxista identifikatu nahi dute autodefentsa feminista erabiliz, eta maitasun erromantiko tradizionala maitasun osasuntsu eta tratu onekoagatik ordezkatu nahi dute. Bigarrenik, harreman osasuntsuak eta sexu heziketa eraikitzea dute helburu. Hezkuntza afektibo sexuala eta harreman konstruktiboak sortu nahi dituzte, horretan tratu onak sustatuz eta txarrak baztertuz. Era berean, norbere gorputza bereganatzea eta elkar zainduz sendatzea indartu nahi dute. Horrez gain, komunitate harremanak eta bizikidetza sendotu nahi dituzte, gatazken konponbidea bilatuz eta aniztasunaren intersekzionalitatea eratuz. Hezkuntza emozional bat sortu eta eratu nahi dute; asertibitatea, zaintza, entzute aktiboa eta enpatia garatuz.
Gazteok, gizartearen etorkizuna
Gure ustez, tailer horiek oso interesgarriak eta beharrezkoak dira, alde batetik, gure hezkuntzaren moldaera eta ikasleon heziketaren zati garrantzitsu bat direlako, edo izan behar lukeelako behintzat pedagogia feministak. Bestetik, patriarkatuan oinarrituriko gaur egungo gizartea aldatzen jarraitzeko saiakera eta prozesuaren zati garrantzitsu bat delako, izan ere, gazteok zein nerabeok gara gizartearen etorkizuna, eta beraz, gure eskuetan dago gizarte honen etorkizunaren zati handi bat.
Gure iritziz, azken urteotan areagotu egin da ikasleen arteko ideologia matxista, horren adibide dira azkenaldian bizpahiru aldiz ikastetxean bertan agertu diren pintada matxista, faxista eta homofoboak, besteak beste. Horregatik azpimarratu nahi genuke tailer horien garrantzia.
Bestalde, Euskara Batzordeko kideok, betidanik, gustura hartu izan dugu parte horrelako ekimenetan. Horren adibide dira, orain dela pare bat urte Oriarten egindako Me Too ekimena, Euskara Batzordeko kideok parte hartu genuen hura, edo urte hauetan zehar egin ditugun pankarta feminista anitzak.
Horrekin guztiarekin, argi utzi nahi dugu, gure ustetan, horrelako pedagogia jasotzeak duen garrantzia, batez ere, gure adinean. Izan ere, gehienok ditugun erreferentziek ez dizkigute horrelako mezuak igortzen eta horregatik azpimarratu nahiko genuke horrelako aukerak edukitzea.