Ezustean, zure egunerokotasun errepikakorrak 360 graduko bira ematen du. Eta momentu horretan, mundua gainera erortzean, konturatzen zara zein txikia eta zaurgarria zaren.

Txikitasun honetan murgildurik, bizitza honetara zertara etorri naizen galdetzen diot behin eta berriz neure buruari. Dugun denbora finitu hau, nola bizi dugu? Ezinegon honen barnean ohartu naiz etorkizunean “zerbait” lortzearen menpe bizi naizela. “Zerbait” hori zer den jakin gabe ere, egunez egun menpeko sentitzen naiz.   

Bizitza une bat besterik ez da, ez gara betirako hemen egongo, eta bizitzeko dugun denbora hori alferrik galtzen ari gara. Denak hasiera eta amaiera bat du. Beraz, goza dezagun momentuaz eta maite ditugun pertsona guztietaz. Ez ditzagun gure bizitzak zaildu sinpletasunean zoriontsu izan bagaitezke.

Hausnarketa honetan, gaur egungo gizartea aztertzea otu zait. Ez al gara geroz eta indibidualistagoa den gizarte batean bihurtzen ari? Ez al digute teknologiak eta sare sozialek gizatasuna kentzen?

Emozioak galtzen ari gara, ia desagertzeraino. Mugikorreko bateria baxu dugula ikusteak dar-dar eragiten digu, eta ez belarrira xurxulatzeak. Garrantzia gehiago ematen diogu pantaila atzean dagoen bihotzari, bular barruan dugunari baino. Sare sozialetan mila like nahiago ditugu begietara begira maite zaitut esatea baino.

Zer egingo zenuke gaur zure azken eguna izango dela jakingo bazenu? Guk ezin dugu erabaki noiz jaio eta hiltzen garen, beraz, ezin dugu aukeratu zenbat denbora izango dugun bizitzeko. Baina bai nola bizi nahi dugun.

Nire txikitasun eta zaurgarritasunetik, gogoeta honetan bueltaka jarraitzen dudan arren, nire denborak duen balioaz ohartu naiz,eta beraz, nire denbora nola eta zeinekin gozatu argi daukat. Ba al dago ondo maite gaituzten pertsonei denbora oparitzea baino gauza xume eta politagorik?