EH Bildu: "Lasarte-Oriako PSE-EEri ardurak hartzea dagokio orain"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko maiatzaren 3a

Uxue Loinaz eta Jon Martin, gaur arratsaldeko agerraldian. Argazkia: Lasarte-Oriako EH Bildu.

Herritar, eragile eta alderdi politikoek Ana Urchueguiak akusazioekin eta Fiskaltzarekin berriki sinatutako akordioaren gainean erreakzionatzen jarraitzen dute. EH Bildu izan da kalera atera dena gaur arratsaldean, azken egunetan albiste izaten ari den aferari buruz hausnartzeko. "Balorazio positiboa" egin du, herriko alkate ohiak herritarren dirua "bidegabe" erabili zuela baieztatzen duelako, baina, bestalde, uste du erantzukizuna hartu behar duela Lasarte-Oriako PSE-EEk.

"Zuhur, baina pozik, esan dezakegu: zurrumurrua zena, egia da orain. Ana Urchueguiak dirua modu bidegabe eta irregularrean erabili zuela onartu du, eta hala jasotzen da Fiskaltzarekin zein akusazioekin egindako akordioan", adierazi dute EH Bilduko udal taldeko kide Uxue Loinaz eta Jon Martinek, gainerako kide guztien izenean. Balioan jarri dute alderdiak urteotan guztiotan egindako lana, "hasieratik eta zailtasunak zailtasun" bide horretan aritu delako, auzia argitu zedin. 

EH Bilduren jarduna gidatzen duten printzipioak "egia, zintzotasuna eta gardentasuna" direla nabarmendu dute, "baita Somotori buruzko kasuan ere". Gogoratu dute 2011-2015 legegintzaldian udalak kereila bat aurkeztu zuela alkate ohiaren aurka, akusazio partikular moduan, "gobernukideekin batera". Horregatik, hurrengo legegintzaldietan akusazio hori bera babestu dute, eta baita Pablo Barrio (bera izan zen alkate 2011-2015 legealdian) akusazio popular moduan pertsonatzea. 

Bide "zaila", baina "merezi izan duena"

Hasieratik bide horretan sinetsi izanagatik, "zaila" izan dela berretsi du EH Bilduk. "Sozialistek orain bestelakoak esan badituzte ere, prozesua oztopatu dute: hala nola, Miguel Castells abokatuak joan behar izan zuenean abokatuen kolegiora babes bila, PSE-EEren Udal Gobernuak ez zizkiolako lanerako erraztasunak ematen". 

Horren haritik, koalizio subiranistak herriko PSE-EEri eskatu dio "ardurak hartu eta gaiari buruzko gogoeta zintzoa" egiteko. "Gure iritziz, ez da nahikoa akusazio partikular gisa akordioa lortzeko udalbatzarrean abstentziora jotzea". 

Bidea zaila dela esan duten arren, garbi adierazi dute "merezi" izan duela egindako lanak, EH Bilduren xedea beti izan delako "Urchueguiak gidatutako gobernuak nazioarteko kooperazioari dagokionez egindako kudeaketa iluna argitzea, horrelako gai garrantzitsu bat ezin baita horrela lokaztu". 

Bukatzeko, berretsi dute "pozik" daudela akordioarekin eta horrek indartu egiten duela "herritik, herriarekin eta herriarentzat" lan egiteko EH Bilduren konpromisoa. "Somotok erakutsi digu zein ez den kudeatzeko eredua. Denon artean egin behar dugu Lasarte-Oria, hori da gure apustua: egiatik eta parte hartzetik bidea urratu nahi dugu herritar ororekin".