Somotora bideratutako dirulaguntzak kudeatzerakoan bidegabeko erabiltzea eta prebarikazioa onartu ditu Ana Urchueguia alkate ohiak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mai. 2a, 09:00

Hainbat delitu egin izana onartu du Ana Urchueguiak, Nikaraguako Somoto herrira bideratutako dirulaguntzen kudeaketarekin lotuta. "Lege prozedura jarraitu gabeko" 81 espediente eta 39 "desbideratze" izan dira; edonola ere, ebatzi dute alkate ohia ez zela hori guztia egiteagatik aberastu. Irregulartasunen zerrenda luzea izanagatik, Lasarte-Oriako alkate ohiak ez du kartzelara sartu beharko; hemezortzi urteko inhabilitazioa eta 2.160 euroko isun bat ezarri dizkiote. 

1986tik (Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratu zuten urte horretako otsailaren 15ean) 2010era izan zen Urchueguia Lasarte-Oriako alkate. Somoto auzia izenez ezagutzen den aferako delituak 2000tik 2009ra egin zituen. Handik gutxira hasi ziren dirulaguntza horiei buruzko informazioak argitaratzen, udaletxeko Kontuhartzailetza sailaren txostenak tarteko, eta 2010ean dimititzea erabaki zuen. Txile eta Perun Eusko Jaurlaritzaren ordezkari izateko izendatu zuten orduan.

2011ko udal hauteskundeetan, EAJ-PNVrekin eta Herritarren Plataformarekin akordioa eginda, alkatetza hartu zuen Pablo Barriok (EH Bildu). Legealdi horren amaiera aldera kereila bat aurkeztu zuen Lasarte-Oriako Udalak, Urchueguia auzitara bidaltzeko. Afera horrek bide luzea egin du epaitegietan, auzia ikertzeaz arduratzen zen epaileak honako erabaki hau hartu zuen arte, 2020ko otsailaren 4an: behin-behinean artxibatzea, "informazio faltagatik". Besteak beste, nabarmendu zuen  Somotoko justiziak ez zuela laguntzarik eman kasu hori argitze aldera. Erabaki hori udaletxera iritsi eta egun gutxitara, ezohiko udalbatzarra egin zuten korporazioko kideek, eta erabaki horri helegitea aurkeztea adostu zuten. EAJ-PNVk, EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek alde bozkatu zuten; PSE-EE, berriz, abstenitu egin zen. Bien bitartean, EH Bilduk iragarri zuen akusazio partikular modura beste helegite bat aurkeztuko zuela, 2011tik 2015era alkate izandako Pablo Barrioren izenean.

2021ean, auzia berrireki

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auto bat kaleratu zuen 2021eko maiatzean, Somoto auzia berrireki egingo zuela jakinarazteko. Handik ia bi urtera sinatu du Urchueguiak delituak onartzeko dokumentua, esan bezala, kartzela zigorra saihesteko. Akordio horren edukiari buruzko zertzelada batzuk eman ditu Eldiario.es hedabideak: esate baterako, 2000 eta 2008 artean 52 finantzazio proiektu onartu zituen OHLOS (Lasarte-Oria eta Somoto Senidetzeko Bulegoa) izeneko elkarte batentzat baina erakunde horrek ez zuen izaera juridikorik eta ordainketak "legez kanpo" egin zituzten. Beste adibide bat: Somotoko hiru pertsonari (E.R.J., G.E.V. eta R.A.C.) baimena eman zien Urchueguiak bankuko kontuak ireki eta Lasarte-Oriaren diru publikoarekin gestioak egiteko.

Delituak egin bai baina horien bidez "bidegabeki aberastu" ez zela interpretatuta, bidegabeko erabiltze arin gisa hartu dituzte Urchueguiak egindakoak, horrelako jarduerei buruzko legearen arabera, 2022 amaieran onartutakoa. Alkate ohiari kartzela zigorrik ezarri ez izana horrela arrazoitu dute: "Ez dute frogatu Ana Urchueguia andereak dirulaguntzetara bideratutako dirurik poltsikoratu zuenik eta egindako desbideratzeek kalte edo oztopo larririk eragin zienik horietara izendatutako zerbitzuei".