Arnotegi musika lehiaketan parte hartuko du Alboka Abesbatzak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko apirilaren 13a

Albokako kideak, iazko irailean Comillasen (Kantabria) emandako kontzertu baten ostean.

Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika lehiaketa nazionalean ariko da Alboka Abesbatza, Arnotegi izenekoan. Obanos herriko elizan abestuko du etzi, hilak 15, 19:00etatik aurrera, Madrilgo Salix Cantor eta Iruñeko La Asuncion abesbatzekin batera.

Obanosko Misterioa fundazioak aukeratu ditu aipatu hiru talde horiek. Abesten bigarrena izango da Alboka, eta egitarau hau aurkeztuko du:

  • Montserrateko Libre Vermelle-ko Stella Splendens.
  • Aita Donostiaren Virgo Dei Genitrix.
  • T. Tallis-en If ye love me.
  • B. Carceresen Sus, sus, sus (La Trulla).
  • Bob Chilcott-ek moldatutako Juan de Anchietaren Con amores la mi madre.
  • Juan del Encinaren Más vale trocar eta Oy comamos y bebamos.

Abesti horietako batetan Erketz EDTko dantzariak izango dituzte lagun abesbatzako kideek. Adierazi dute "pozarren" daudela Nafarroako herri horretako lehiaketan parte hartzeko aukera izateagatik. Hilabeteak daramatzate emanaldia prestatzen.

Informazio gehiago, hemen.