Gabonetako kontzertua egin dute Alboka eta Luberri abesbatzek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 18a, 10:18

Lasarte-Oriako koruak Donostiako Antigua-Luberri ikastetxeko abesbatzarekin batera ondu du aurtengo Eguberritako kontzertua. San Pedro elizan herritar ugari bildu da, gabon kantak protagonista izan dituen errepertorioaz gozatzera. Ordubete luzez aritu dira bi taldeak, lehenik banaka, ondoren, elkarrekin. 

Eguberriak ate joka datoz eta Alboka Abesbatzak, ohi bezala, kontzertu berezia eman du San Pedro elizan. Antigua-Luberri Institutuko gurasoek sortutako korua izan du lagun, ospakizunei lotutako errepertorioa eskaini dute bi taldeek. Montse Latorrek zuzenduta, sei kanta abestu zituen Albokak lehenik, batzuetan Amaia Dorronsorok jotako pianoak lagunduta. 

  • Jai onak: Dios te salve, David Azurzak moldatua.
  • Birjiña maite, David Azurzak moldatua.
  • Jana erdhi viti ri, E. Materassi-k moldatua.
  • Ecce novum, O. Gjeilo-k sortua.
  • Love is Christmas, S.B. Bareilles-ek sortua eta J. Bremen-ek moldatua.
  • Dizdizka zeruan, E. Ugaldek sortua.

Horien ondoren, omenaldia egin zioten taldekide gisa 25 urte bete dituen kide bati. Oroigarri gisa oparitutako zapia jarri zioten eta pantailan bere argazki batzuk proiektatu zituzten.

Ondoren, donostiarren txanda izan zen. Junkal Guerrerok gidatuta, sei abesti eskaini zituzten, Marian Iriarte piano jotzaileak lagunduta:

  • For the beauty or the Earth, J. Rutter-ek sortua.
  • Deep river, J. Rutter-ek moldatua.
  • Elurra mara mara, doinu errusiar herrikoia, G. Aulestiak moldatua.
  • Neguan orbela, X. Sarasolak sortua.
  • Candombe de San Baltasar, Liliana Cangiano-k sortua.
  • Birjina maite, G. Aulestiak sortua harmonikarekin jotzeko eta J. Guerrerok moldatua, pianorako.
  • Ur goiena-Ur barrena, J. Guerrerok moldatua.

Guerrero andoiandarrak oso hunkituta zegoela aitortu zien elizan zeudenei. Izan ere, herriko musika eskolan piano irakaslea izan baitzen, eta berarentzat berezia zen Lasarte-Orian izatea. Camdombe de San Baltasar kantatzeko "laguntza" eskatu zien bertaratutakoei eta ondo erantzun zuten. 

Ondoren, Alboka eta Luberriko kideak elkarrekin aritu ziren Olentzero eta Orra Mari Domingi abesti klasikoekin amaituz emanaldia. Zuzendari eta piano jotzaileei lore sorta bana banatu zieten eta merezitako txaloak jaso zituzten.

Horrez guztiaz gain, Albokak bazkideen artean zozkatutako eguberrietako bi saskiak banatu zituzten. Mila Picamils Olaizola eta Maria Pilar Mendiluce Goñi izan dira irabazleak.