Luberri koruari bisita itzuli dio Alboka Abesbatzak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 17a, 07:15

Antiguako San Sebastian Martiri parrokian (Donostia) aritu zen kantuan Alboka Abesbatza hilaren 11n, Donostiako Luberri koruarekin batera. Bi taldeek hartu-eman bat egin dute hilabeteotan –Eguberrietako kontzertuan Lasarte-Oriara etorri ziren, San Pedro parrokiara–, eta Albokako kideen esanetan, "ezin hobeto" amaitu zen, hasieran aipatutako emanaldi horrekin.

Luberrikoek ekin zioten kontzertuari. Junkal Guerreroren zuzendaritzapean, abeslariek bost doinuz osatutako egitaraua partekatu zuten ikus-entzuleekin: Norvegiako eztei martxa bat; L. Molfino konpositorearen Sacrum Convivium; Antiguako auzokide izandako Imanol Larzabalen zenbait abesti, Luberriren zuzendariak berak moldatutakoak; eta, amaitzeko, J. Ezkurraren Aritz Adarrean-Kattalin.

Albokak bitan banatu zuen bere saioa. Obanosko Arnotegi lehiaketan apirilean aurkeztuko duen errepertorioaren zati bat erakutsi zuen lehen zatian. Abestietako batean Erketz EDTko dantzarien laguntza izan zuten. Bigarren zatian, aldiz, Durme durme sehaska kanta sefardia, La La Land filmeko abesti City of stars, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Itoiz taldearen Lau teilatu abestu zituzten. Kontzertua amaitzeko, bi abesbatzak batera jardun ziren: J. Elberdinen Izar ederrak kantatu zuten aurrena, Latorreren gidaritzapean; eta Mutil txaleko gorri gero, Guerreroren zuzendaritzapean.

Erlazionatuak