Bi hamarkada atzera eginda, Lasarte-Oriak 17.628 biztanle zituen 2002. urtean. Horietako 443 (%2,51) jatorri atzerritarrekoak ziren. Urteek aurrera egin ahala, biztanleria hazten joan da 2021 urte amaieran 18.949 herritar izatera iritsiz. Orduan, etorkinen zenbatekoa 2.252 zen (%11,88). Epearen mutur horien artean lasarteorriatarren kopurua 1.321 lagunetan hazi zela kontuan izanda, hazkunde horretan pisu handiagoa izan dute immigranteek, bertakoen kopurua gutxitu egin baita (-188), 17.185 izatetik 16.997 izatera pasata. Aldiz, herrira etorri direnak %136,94 igo dira. Goranzko joera serie guztian mantendu da, eta orotara, bost aldiz gehiago dira.
Jatorriari erreparatuz gero, kopuru handienetik txikienera banaketa honakoa da: amerikarrak, %71,27; europarrak (Estatu espainiarretik at) %15,07; afrikarrak, %7,9; asiarrak %5,69; eta ozeaniarrak, %0,07. Amerikarrak dira nabarmen hazi direnak: 2002. urtean 282 baziren, 2021ean 2.181 baitziren. Ia etengabe gehitzen joan da kopurua, bi urteko salbuespenarekin: 2014an bi lagun gutxiago zeuden eta 2021ean, 68. Aipagarria da lehen hamarkadan, 2002-2012, Ameriketatik etorritako ia 1.000 pertsona gehitu zituen herriak.
Urteen segidan gorabeherak badira ere, kontinente guztietatik iritsi direnen zenbatekoa hazi egin da: europarrak, +330; afrikarrak, +172; asiarrak, +153; eta ozeaniarrak, +2. Ozeaniako lehena 2007an heldu zen, baina hiru urte geroago, ez zen jatorri horretako inor herrian 2015ean berriz ere ozeanir bat ageri da zerrendan, 2017an hiru ziren, baina 2020tik aurrera, bi.
Banaketa geografikoan sakonduz, immigrazioaren gehiena 28 herrialdetatik dator. Europaren kasuan, zortzi dira sorleku nagusiak: Erresuma Batua (11), Italia (12), Alemania (13), Polonia (16), Frantzia (37), Bulgaria (47), Portugal (88) eta Errumania (96). Errumaniarrak, portugaldarrak eta bulgariarrak dira, hurrenez hurren, gehien hazi direnak. Urtetan, gertuago dauden Portugal eta Frantzia ziren sorburu nagusiak, eta lehen hamarkadan egungo kopurutik gora egon ziren. Asiari dagokionean, berriz, Txina (57) eta Pakistan (45) dira jatorri nagusiak. 2002. urtean, pakistandarrik ez eta bederatzi txinatar besterik ez ziren herrian. Afrikan, aldiz, Maroko mantendu da herrialde nagusi gisa eta gehien hazi dena ere bada, 21 lagunetik 121era. Nigeria (22) eta Aljeriatik (17) epe horretan etorritakoen kopurua bera da, hamalau, eta senegaldarrik ez egotetik hamar izatera pasatu dira azken urteotan. Amerikaren kasuan, Argentina, Ekuador eta Kolonbia ziren duela bi hamarkada jatorri nagusiak, 65, 47 eta 37 lagunekin, hurrenez hurren. Egun, Kolonbiatik datoz Ameriketako immigrante gehienak, jarraian, Perutik –bietan igoera bereziki azken bost urteetan gertatu da–; eta hirugarren dagoen Argentinatik 24 lagun etorri dira epe horretan. Hazkundeari erreparatuz soilik, Kolonbia eta Peruren atzetik, 59 venezuelar gehiago daude, 52 ekuadortar eta 45 dominikar. Ozeaniako biztanleen sorlekua zein den ez du zehazten datu baseak.
Kontinentetako banaketa gaindituta, lehen, herriko etorkinen gehienak Argentina, Ekuador, Kolonbia, Portugal eta Frantziatik zetozen. Egun, aldiz, Kolonbia, Maroko, Peru, Ekuador eta Errumaniatik datoz. Gainera, hasierako zerrendan ez ziren Pakistan, Ukraina, Bolivia, Errusia, Paraguai, Polonia eta Senegal agertu dira.
Nolakoak dira etorritako herritar horiek? 1.729 emakumezkoak dira, eta 1.331, gizonezkoak. Ia erdi bat, %43,76 emakumezko amerikarrak dira eta %27,52 jatorri bereko gizonezkoak. Bien pisua handitu egin da erreferentziazko urteen atean, %28,77 eta %21,18 baitzen. Afrikarrek eta europarrek, aldiz, behera egin dute. Gizonezkoak %9,33 eta %15,87 ziren, orain, ordea, %8,07 eta %5,29 dira. Emakumezkoei dagokienean, europarrak etorkinen %10,12 izatetik %6,99ra jaitsi dira; eta afrikarrak, %4,56tik %2,68ra. Emakumezko asiarrak %3,04 izanik, beraz, afrikarrak baino gehiago dira, egun.