Gizartea etengabeko bilakaeran murgilduta dago. Aldaketa demografikoak egunez egun gertatzen dira, baina haiek igartzeko urteak, hamarkadak edo mendeak behar izaten dira.Zergatiak azaltzeko anbiziorik gabe, artikulu honetan azken bi hamarkadetan (2001-2021) Lasarte-Oriako biztanleriak izandako bilakaeraren zenbait zertzelada bildu ditu txintxarri-k, Eustatek bildutako datuetan oinarrituta. Joera gehienak, noski, ez dira udalerrira mugatzen, orokorragoak dira,eta, oro har, inguruko herrietan, Gipuzkoan edota Hego Euskal Herrian ere antzeman daiteke haien eragina.
Aztertutako hogei urte horietan hazi egin da lasarteoriatarren kopurua. Zehazki, 17.099 izatetik 19.294 izatera pasatu dira, hau da, 2.195 (+%12,84) herritar gehitu ditu udalerriak. Urte horietan guztietan, bitan bakarrik egin zuen behera zenbatekoak, 2002an eta 2015ean, zehazki, 36 eta hamaika lagun galduta, hurrenez hurren. Gorakada nagusiak, aldiz, 2007-2013 eta 2017-2021 urteen artean izan ziren; ia urte guztietan ehun biztanletik gora dauden kopuruak gehituz. Aipatutako lehen tartean, sei urtean 957 izan ziren gehitutako herritarrak; bigarrenean, aldiz, 750, baina lau urtean.
Eskualdea ere gora
Buruntzaldeari begiratuta, sei udalerrietan joera antzekoa izan da. 2001ean zituzten biztanleak gehituta 64.083 lagun bizi ziren eskualdean; bi hamarkada geroago, 10.039 gehitu zaizkie eta 74.122 ziren 2021ean. %15,67ko igoera, beraz. Aldaketa esanguratsu eta nabarmenena Astigarragarena izan da, ia bikoiztu egin baitu bere biztanleria: 3.582 herritar izatetik 7.056 izatera, %96,98 hazi da. Nahiz eta modu apalagoan izan, beste lau udalerrietan ere herritar kopurua handitu egin da. Usurbilen %16,05 hazi da, 850 bizilagun gehiago baititu; Urnieta %13,58, 738 herrikide berri ditu. Hernanin 2.224 dira batutako bizilagunak,%12,11, eta Andoainen, 558, %3,90. Hego Euskal Herriaren batezbesteko hazkundea %8,3 da.
Emakume gehiago
Hego Euskal Herrian populazioaren gehiengoa emakumezkoa da, %51,26, eta pixka bat hazi da aztertutako epean (+%0,37). Gauza bera gertatu da herrian ere, neurri handixeagoan (+%0,50), nahiz eta sexu arteko banaketa parekoagoa izan. 2001ean emakumezkoak 8.630 (%50,48) ziren eta gizonezkoak 8.469 (%49,52). Bi hamarkada geroago, 9.836 (%50,98) eta 9.458 (%49,02) dira. Migranteei buruzko datuak ez daude sexuaren arabera banatuta, bainajaiotzei eta heriotzei erreparatuta,azalpenaren zati bat bertan topa daiteke: emakumezko gehiago jaiotzen dira eta gizonezko gehiago hil.
Urteotan 3.422 lasarteoriatar jaio dira: 1.726 (%50,44) neska, 1.696 (%49,56) mutil. Hil, berriz, 2.816, 1.522 gizonezko (%54,05) eta 1.294 emakumezko (%45,95). Emakumezkoak ia urtero azpitik daude eta kopuruak txikiagoak dira, batzuetan nabarmen. 2018 urtera arte, 2011 urtea da heriotzek jaiotzak gainditzen dituzten urte bakarra, eta aldea hiru lagunekoa besterik ez da. 2018 urtetik aurrera, ordea, jaiotzen direnak baino gehiago dira hildakoak; guztira, 123 pertsona. Ez dirudi pandemiak azaltzen duenik joera aldaketa, bi urte lehenago hasi baitzen, eta 2020an aldea -52 bada ere, 2019an -41 izan zen, eta iaz, -16.
Gero eta zaharrago
Datuen beharrik gabe ondoriozta daiteke zenbakiek ere argi erakusten dutena: gizartea zaharkitu egin da urteotan. 60 urtetik gorakoen kopuruak etengabe egin du gora, erdiko adin tarteak, gehienbat lan adineko jendea biltzen duenak, nabarmen behera egin duen bitartean. Aldiz, 20 urtez azpikoen kopuruak gutxika gora egin du. Lasarte-Oriako zenbakiei erreparatuz gero, biztanleriaren adin banaketaren bilakaera bat dator joera horiekin.
2001ean 60 urtetik gorakoak lasarteoriatarren %20,7 ziren; 2021ean, berriz, 10,4 puntu hazi ziren. Hau da, bosten bat ziren milurtekoaren hasieran eta hala jarraituz gero, heren bat izango dira mende laurdenera iristerako, %31,1 baitira. 20 urte artekoak ere gehiago dira, baina hauen igoera askoz apalagoa izan da: %15,6tik %17ra. Hortaz, 20-59 adin tartekoen kopuruaren jaitsiera esanguratsua da: ia %12. Herritarren %63,7 izatetik %51,8 izatera pasatu dira.
Gizabanakoen joan-etorria
Hogei urteotan, 15.807 pertsona etorri dira Lasarte-Oriara bizitzera, joan, aldiz, 13.287. Gizabanakoen trukea, bereziki, erkidego barruko udalerri artekoa da, %63,78 eta %57,20; erkidego artekoa horren erdiaren azpitik dago, %27,21 eta %24,02. Atzerriko datuei erreparatuta, aldea esanguratsua da. Kanpora doazenak, emigrazioaren %9,01 besterik ez dira, immigranteen kasuan, ordea, %20,49. Hau da, EAE kanpotik antzeko kopuruan datoz Espainiako beste herri batetik edo beste herrialde batetik.
Mugimendu horien bolumena handiagoa izan da 2015-2020 bitartean, eta pisu handixeagoa izan dute azken lau urteetan. Aipagarria da, serieko kopuru altuenak, bi norabideetan, 2019 urtekoak direla, eta baxuenak, aldiz, 2021ekoak. Bi kasuetan, Lasarte-Oria uzten dutenek eta hona bizitzera datozenek, nagusiki, EAEko beste udalerri bat dute jatorri edo helmuga. Iazko urtea da salbuespen bakarra. 307 etorkinetatik 148 beste erkidego batetik etorri ziren, 137 atzerritik, eta 22 erkidegoko beste leku batetik. Joan zirenak, berriz, 382 izan ziren. Horietako 29k inguru hurbilean topatu zuten bizitokia, 183k Espainiako beste gune batean, eta 170ek, atzerrian.
SARETZEN EGITASMOA
Azaroaren amaieran, Eustat-ek eta Nastat-ek biztanleriari buruzko 2022ko datuak kaleratu zituzten. EITBk eta Tokikom-ek elkarlanean gaia herriz herri lantzeko kazetaritza proiektu bat landu dute: Saretzen proiektua. Zenbait aldagairen araberako 2001-2021 urte arteko datu demografikoak bildu dituzte eta bi taldeetako parte diren hedabideek baliatzeko prestatu.
Horietan oinarrituta, txintxarri-k datuen aurkezpen soila den artikulu hau idatzi du, baina hasiera besterik ez izateko asmoz. Otsailaren 15ean Lasarte-Oria udalerri gisa sortu zela 37 urte beteko dira, eta efemeride horren harira, zenbait eduki berezi sortuko ditu aldizkariak, bilakaera demografiko horren arrazoi, zergati edota ondorioei lotuta.