Lasarte-Oriako boluntario talde batek, Semblante Andaluz elkarteak eta udalak lagunduta, haur minbiziaren aurkako ikerketaren aldeko txokolate jate solidarioa antolatu du. Ekimena burutzen duten hirugarren aldia izan da: euro baten truke, neguko hotzari aurre egiteko txokolate beroa edo bi bizkotxo banatu dituzte. Lasarteoriatar askok hartu dute eta ezeren truke dirua eman duenik ere izan da. Antolatzaileek jakinarazi dute orain arteko parte hartze handiena izan duela aurtengo deialdiak, eta guztira 1.386 euro bildu dituztela. Hori hala izanik, eskerrak helarazi nahi izan dizkiete egitasmoarekin bat egin zuten herritar guztiei. Diru hori, haurren minbiziaren ikerketa bultzatzeko bideratuko dute.