Txokolate jan solidarioa egingo dute larunbatean, haur minbiziaren ikerketa laguntzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 21a

Lasarteoriatar talde batek, Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin eta Semblante Andaluz elkartearekin batera,  txokolate jan solidarioaren antolatu dute. Egingo duten hirugarren aldia izango da, eta haurren minbiziaren ikerketa bultzatzeko asmoz antolatu dute. Larunbat honetan, hilaren 25ean izango da, 10:00etatik 19:00etara, Okendo plazan.

Egitasmoaren helburua da haurren minbizia ikertzeko dohaintzak lortzea, San Joan de Déu Ospitalearekin lankidetzan. Hortaz, ekimenarekin bat egin eta aletxoa jarri nahi duten herritarrek Okendo plazan jarriko den karpara joan beharko dute. Bertan, euro baten truke, txokolatea edota bizkotxoa dastatu ahal izango dute.

Antolatzaileek azaldu dute urtero 1.200 haur minbizi kasu berri inguru diagnostikatzen direla Espainian, eta Bartzelonako Sant Joan de Déu Ospitaleko Haur Minbiziaren Ikerketarako Laborategiarentzat ezinbestekoa dela gizartearen laguntza jasotzea egiten duten ikerketa lanarekin aurrera egiteko. Azpimarratu dute, ikertzaileen jardun horri esker minbizia duten haurren % 80k gaixotasuna gainditzea lortzen duela, baina garrantzitsua dela horretan jarraitzea, etorkizunean, gainerako %20ak ere minbiziari aurre egitea lor dezan. 

Informazio gehiago nahi duenak https://chocolatadasolidaria.org/ ataria kontsulta dezake.