Ikastolara bidean eskutik helduta doazen ama-alaba batzuekin gurutzatu naiz; hemendik aurrera ohiko ordua, ohiko bidea, ohiko era izango da, bata babesle eta bestea babestutakoaren plazerean. Kafe hutsa eskatu dut taberna barruan goxoago egotearren eta kafe kikara ondoan azukre sobretxo bat jarrita, hurbildu zait zerbitzaria. Nik azukrerik eskatu ez arren, ohiturak ohitura halaxe ekarri dit. Bata gozo bestea mingots, bata zuri bestea beltz, baina hauek ere eskutik helduta elkarrekin zerbitzatzen dituzte.
Tabernatik atera eta egin beharreko erosketak egitera hurbildu naiz supermerkatura. Saskia hartu eta han hasi naiz pasiloetan aurrera eta atzera, hau hartu eta bestea utzi, hau garesti eta bestea garestiago.
Ordaindutakoan konturatu naiz poltsa erdi hutsa eta poltsikoa erabat hustuta dudala. Ekoizle txikia, abeltzain eta baserritarren miseria, tamalez, saltoki handi eta bitartekarien aberastea ere eskutik helduta datoz.
Etxera itzultzean sakon hartu dut arnas, egoeraz jabetzeko premiaz; uda amaiera izanik oporrak bukatu zaizkit, lanean hasi eta egunerokotasunean murgildu. Iraila eta ikasturte berriaren hasiera eskutik helduta datoz. Beraz, animo eta eutsi goiari.