Urte berria iritsi da eta, indarberrituta, Oriarte BHIko Euskara Batzordeko kideak ilusioz beteta gatozkizue. Asmo berri horien artean daude Euskal Selekzioa ofizialki onartzea eta gure aberriaren ordezkariek mundu mailako lehiaketetan parte hartu ahal izatea.
Antzinatik, hainbat kirol daude Euskal Herrian bereziki sortu, garatu zein jardun izan direnak, adibidez, pilota, toka, arrauna, pala, aizkora zein beste hainbat herri kirol… Hauek guztiak mundu mailan Espainiaren izenaren azpian ezkutatuta ordezkatu behar izateak min handia eragin du zale askoren artean. Horrez gain, askoren iritziz, estatu propiorik ez dugun bitartean, ezingo dugu selekzio propiorik eduki; beste batzuen ustez, aldiz, ez du zertan horrela izan. Nahiz eta iritziak askotan kontraesankorrak izan, gai izan gara denon artean batu eta talde bezala borrokan aritzeko. Horren adibide, azken urteotan lanean jardun duen Euskal Selekzioarten Aldeko Iritzi Taldea (ESAIT) dugu.
ESAIT, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna lortzea helburu duen taldea da, 1995eko udazkenean sortua. Nahiz eta 2015ean bere bidea amaitutzat eman, aurrerapauso nabarmenak ekarri ditu. Adibidez, pilota eta surfaren euskal selekzioei ofizialki lehiatzeko bidea zabaldu zaie, Madrilgo Kongresuak onartu duen lege berriaren arabera. Horren harira, ekainaren 26an, Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko egun ofizialean, urtero-urtero Bilbon zazpi ekitaldi nagusi antolatzen dira Euskal Herritik mundura! lelopean.
Ekitaldi horiek, Gu ere bai! taldearen eskutik antolatzen dira orain, ESAIT ordezkatzen duen eragile aktibista baita, 2020ko martxoan sortua. Bestalde, Euskal Selekzioak, tradizio eta ohitura handiz, urtero-urtero Gabonetan partida bat jokatu eta ospatzen du ofizialtasuna eskatzeko eta aldarrikatzeko.
Borroka horiek guztiak medio, badaude ofizialtasuna lortu duten hainbat kirol. Horietako batzuk dira hauek: sokatira, mendi martxak… Horiek dira Euskal Herriaren izenean lehiatzea lortu duten diziplina ofizialak. Hala ere, ofizialtasuna lortzea ez da hain gauza erraza, izan ere, horretarako, Euskal Federazioa Espainiako Federazioa baino lehenago sortua izan behar du. Hori ez da askotan gertatzen, eta horregatik, lehia gogorra bihurtu da hau.
Badaude hainbat kirol Euskal Herrian bertan sortu edo gehienbat hemen praktikatzen direnak, adibidez: euskal dantza, toka, erremontea, aizkora, sega, arrauna, pala… Baina badaude beste hainbat eta hainbat kirol, nahiz eta Euskal Herrian sortuak ez izan, gehienbat Euskal Herriarekin lotzen direnak, esate baterako, txirrindularitza.
Txirrindularitza hitza entzunda, askori Frantziako Tourra edo Italiako Giroa etorriko zaie burura, baina bigarren maila batean, Euskal Herriko Itzulia lehenengo postuetan kokatzen da. Kontuan izanda Euskal Herriak ez duela aurreko beste bi herrialde horien adinako garrantzirik mundu mailan, aurrerapauso handia eta harro egoteko modukoa iruditzen zaigu. Alderantziz ere gertatzen da, adibidez, zesta puntarekin: Euskal Herrian sortutako kirola da, bertakoa, eta dagoeneko mundu osora hedatu da. Modalitate hori Ameriketako Estatu Batuetan, Frantzian, Mexikon, Filipinetan, Espainian…jokatzen da gaur egun, Jai Alai izenez ezaguna.
Euskal dantza
Bestalde, Euskal Herriko beste kirol garrantzitsu eta ederrenetariko bat euskal dantza da. Bertan, erritmoa, indarra, erresistentzia, mugimendua eta gorputzaren kontrola lantzen dituzte, eta hori guztia nahasten denean, koreografia eder zein liruragarriak sortzen dituzte. Gure herrian hain garrantzitsua den dantza mota hori mundura zabaltzea nahiko genuke, eta nazioarteko modalitateen artean parte hartzen duen euskal dantza selekzio bat osatzea. Izan ere, gaur egun, lehiaketak Euskadi mailan bakarrik egiten dira. Halaber, hau ez da dantzarekin bakarrik gertatzen, kirol asko baitaude horren antzeko nahiekin bat datozenak, talde aktibisten helburu handienen barnean sartzen direnak.
Ondo adierazi dugun bezala, gure ustez ofizialtasuna merezi duten hainbat kirol daude Euskal Herrian, oihartzun askorik ez dutenak, eta merezi dutenak. Jakina, hori guztia, gizonezkoen zein emakumeen artean aplikatu nahiko genuke, eta bide zaila izan daitekeela dakigun arren, batez ere emakumezkoentzat, lor daiteke eta horren alde borrokatzea merezi duela uste dugu.