Euskara, bai ala ez?

Oriarteko Euskara Batzordea 2022ko abe. 23a, 14:00

Oriarte institutuak eta txintxarri aldizkariak elkarlanean jardungo dute 2022-2023 ikasturtean. Hilean behin, Euskara Batzordea osatzen duten ikasleek artikulu bat prestatuko dute. Oraingo honetan euskarak haien ikastetxean duen egoerari buruz gogoeta egin eta erabilera gero eta apalagoari aurre egiteko gako batzuk eman dituzte.

Gure inguruan, institutuan bereziki, euskararen erabilera ez da oso handia. Nahiz eta eskolako ikasle asko etxean euskaraz aritu, lagun artean gaztelaniaz mintzatzen dira. Izan ere, gure ingurunean euskararen erabilera oso apala da, eta azken urte hauetan euskarari aurrera egitea asko kostatzen ari zaio aisialdian, kirolean eta eguneroko bizitzan.

Lehen, ohikoena, gela bakoitzean hiruzpalau erdaldun egotea zen, orain, ostera, egoera honek 180º-ko itzulia eman du; orain, hiruzpalau horiek dira euskaraz mintzatzen direnak. Pixkanaka, eskolako arazo garrantzitsu eta handienetako bat bihurtzen ari da, eta ez eskolan bertan bakarrik, dagoeneko arazo sozial bat baita.

Euskararen egoerak kezkatzen gaitu, eta arduraz jokatzea erabaki dugu. Gure aurrekoek euskararen alde egindako lanaz jakitun gara, eta hari segida ematea da gure asmoa. Zentzu horretan, esperantza dugu egoera aldatzeko gai garela, bakoitzak berea emanez eta elkarlanean arituz. Izan ere, gure ustez merezi duen balioa eman behar diogu gure hizkuntzari, gure barnean eraman beharko genuke, hau da, gehiago baloratu. Bada garaia dugun altxorra baloratzeko, gure hizkuntza bakarra baita munduan eta gure nortasunaren zati handi eta garrantzitsua baita, hala beharko luke behintzat!

Arazoa konpontzeko, lanean 

Halaber, gutxi batzuk dira euskaraz aritzen direnak egunero, eta arazo honi aurre egiteko konponbide baten bila ari dira. Pertsona horien artean, gu ere irtenbide bat bilatzeko lanean gabiltza, institutuaren eremuan soilik bada ere. Adibidez, joan den abenduaren bian, ostiralean, Euskararen egunaren bezpera eta Euskaraldiaren bukaera zela baliatuz, Oriarteko Euskara Batzordeko kideek ekintza batzuk prestatu genituen, Mihiluze telebista saioaren antzeko probekin. Horrez gain, DBH 1 eta 2. mailakoek euskal kantuen karaokea egin zuten, euren ikasgaietan prestaturiko ekintzez baliatuz. Bestalde, pegatina lehiaketa ere antolatu zen hainbat irabazle sarituz, hauek izan ziren Oriarte institutuko 2022. urteko pegatina lehiaketako saridunak: 1. saria Maitane Monge (3D); 2. saria Eneko Gallardo (2B); 2. saria Aicha Diarra (1F); 2. saria Amaia Mazkiaran (Batx.2); 3. saria: Intza Arruti (2F).

Gu geu Bigarren Hezkuntzako bigarren mailan hasi ginen ekimen horietan lanean, euskara bultzatu eta zabaltzeko asmotan. Euskara Batzordean gehiegi ez garen arren, gogor egiten dugu lan honen alde, eta gogotsu gaude proiektu berriei begira. Hasieran, bost bakarrik ginen eta orain kide berriak batu berri zaizkigu lantaldera.

Pegatina lehiaketako finalistak eta irabazlea.

Euskararen abantailak

Oraingo nerabeek, gure ingurukoek, eta orokorrean hitz eginez, ez dute abantailarik ikusten euskararen erabileran, baina baliteke abantailak edukitzea. Hainbat galdera egiten dizkiogu gure buruei honen inguruan, zer lor dezakegu euskaraz hitz egiten, euskal kulturan murgilduz edo hau sustatuz?
Euskarak musika estilo ezberdinak eskaintzen dizkigu, rock-etik hasita reggaetoi-ra arte. Euskal Herrian musika talde aniztasun handia daukagu, hainbat talde eta bakarlariren eskutik. Horrelako gauzek, aukera paregabeak eskaintzen dizkigute kontzertu zein jaialdi apartez gozatzeko, festak egiteko eta musikaz gozatzeko.

Bestalde, antzerkia, dantza, filmak eta telesailak besteak beste, gure aisialdian oso garrantzitsuak dira, bakoitza bere estiloan.

Horrez gain, euskarak kutura propio batez gozatzeko aukera ere luzatzen digu. Euskal Herrian soilik ospatzen diren egunak eta ekintzak ospatuz, bere tradizioez eta ospakizunez baliatuz.

Kultura harremanetatik haratago ere, gure egunerokotasunean harreman berriak egiteko tresna bezala ere erabil dezakegu, eskolan edo kanpoan. Honek guztiak beti errepikatzen den ohiko galderarantz garamatza: balio al du euskarak ligatzeko?

Maitasunak ez duela hizkuntzez ulertzen egia izan arren, gure ustez euskarak ligatzeko balio du. Izan ere, aurretik aipatutako ekintzek eta planek, ondo pasatzeaz gain, elkar harremantzeko aukera paregabea eskaintzen digute, ligatzeko aukera barne. Euskara, oro har, jarduera ugari eskaintzen dizkigun kultura batekin elkar hartuta dago, eta hau ez da behar bezala baloratzen. Horrelako festa, ekintza eta aisialdirako planek, kirolaz gozatzetik gastronomiaz gozatzera artekoek, hainbat proposamen eskaintzen dizkigute, ligatzeko aukera ere emanez. Beraz, esan dezakegu gure hizkuntzak, luzatzen digun eskaintza zabalaren artean, ligatzekoa ere egiten digula, aukera ezin hobeak emanez gainera.

Horregatik guztiagatik, gure hizkuntzarengatik eta ematen digun guztiagatik, guk baiezkoa diogu, bai euskarari eta honek eskaintzen digun guztiari. Zer diozu zuk? Euskarari bai ala ez?

Erlazionatuak

Hamar atzamar: Maitane Eizmendiri elkarrizketa

Txintxarri Aldizkaria 2022 aza 25 Euskara