Erredakzioan itzulia
Bizitza ziklo eta etapaz betea dagoela diote. Bada, gaur etapa bat itxiko dut, Lasarte-Orian gertatzen denari buruz El Diario Vasco egunkarian kazetari gisa egin dudana. Iritsi da udalerri honen, nire herriaren gaurkotasunaren berri emateari uzteko unea, pozez eta aldi berean tristuraz bizi dudana. Espero dut egindako lana baliagarri izan zaiela bizilagunei, lagundu diela egunerokotasunean gertatu denaren protagonistak izaten. Nire asmoa beti izan da berbera: Lasarte-Oriak egunkari horretan zuen espazioa ahalik eta pluralena izatea, guztiek izan zezatela tokia. Zenbaitetan hori lortzerik izan ez badut, barkamena eskatzen dut.
Gaurtik aurrera bigarren plano batetik ariko naiz lanean, urteotan guztiotan osatu dudan artxibo historikoa bizirik mantentzen, belaunaldi berriei ondare garrantzitsu eta interesgarri bat uzteko asmoz.
Agur esaten dizuet, batez ere, eskerrak emanez. Eskerrik asko denoi (eragile kultural, talde, elkarte gastronomiko, herriko etxe, kirol klub, udal, komertzio, enpresa eta norbanako), 39 urtez egin dudan eguneroko lana mugarri historiko bihurtzen lagundu didazuelako. Mila esker Semblante Andaluz (Jose Perez Acostari, bereziki), mila esker Jesus Mari Egizabal eta mila esker El Diario Vasco-ko edizio arduradun Estrella Inchaustiri, horiek sustatu zutelako duela bederatzi urte nire herrian jaso nuen omenaldia.
Eskerrik asko El Diario Vasco hedabideari nire herriaren berri emateko lan eskaintza egiteagatik, Lasarte-Oriaren historia modernoa islatzeko aukera emateagatik. Nire jaioterriaren bilakaeraren eskribaua izan naiz, ez besterik: betidanik eraman dut bihotzean eta udalerri independente gisa eratzen ikusi dut. Bihotz-bihotzez, mila esker denoi.