Omenaldi egunean, ostiral arratsalde batez kultur-etxea ia goraino bete izanak erakusten du Txemari estimu handia diola herriak.
Festa txiki bilakatu zen omenaldia. Kalean danborrada zain zuen Txemak. Aita, emaztea, bi alabak eta senideak alboan zituela Lasarte-Oriako danborradaren bi doinu entzun eta agurra dantzatu diote kultur-etxeko atarian. Ostean kultur-etxeko eskilaretan lore-sorta bat eman diote Cristina emazteari eta Ostadarreko txirrindularitza sailak gurpilekin pasiloa egin dio Txema Vallesi.
Behin barruan Goikouria txalaparta eta Amalur trikitixa eta pandero eskolako neska-mutilak zain zituen ongi-etorria egiteko.
Nerea Segurak egin ditu aurkezle lanak eta teloia irekitzearekin batera Jalgune elkarteko lagunek antzerki txiki bat egin dute. Oscar Txemaren bibotearekin oholtzaratu da eta herriko kazetariaren boda eguna irudikatu dute besteak beste, argazki-kamera eta guzti.
Zarautzetik ere bisita egin diote Txemari. Mambo Txiki akademiak bi dantza eskaini dizkio Porompompero eta Dilema kantuen doinuez lagunduta. Kukukak ere Swing berezi bat dantzatu du eskolako kamiseta berdeak jantzita.
Momenturik berezienetakoa izan da Imanol Lizardi txikitako laguna eta Jose Krutz Labaka Earra! bertso-eskolako kideak oholtzaratu eta bertso sorta bat bota diotenean. Euskara ez ikastearen arantzotxa oraindik ere atera dezakeela gogorarazi zioten eta hark ulertzeko azken bertsoa erderaz egin zion Lizardik: "...Sabes que no lo dudo, Txema, eres un amigo cojonudo" bota zion.
Jubilatuen elkarteko abesbatza, Coro Semblante Andaluz, Su Berri akordeoi orkestra omenaldiari musika jartzeaz arduratu dira eta Porrotxek eman dio umore ukitua.
Oroigarri andana ere jaso du Vallesek. Udalarena Pablo Barrio alkatearen eskutik, DVrena Estrella Inchausti eta Ager Laurtegui egunkariko arduradunen eskutik, Migel Angel Oribe eskultorearen obra bat honen alaba eta emaztearen eskutik, Amalaurren pandero bat Jon Lasaren eskutik eta Txema Valles protagonista duen Diario Vascoren azaleko orri bat markoan jarrita Jesun Mari Eguizabalen eskutik, Txemaren aurretik DVko herriko korrespontsal izan zenaren eskutik alegia.
Hauez gain, hainbat eta hainbat kirol talde, kultur elkarte eta norbanako bertaratu dira eta denek zoriondu nahi izan dute Txema Valles.
Guztien artean "Zorionak zuri" abestu diote eta ostean hamar minutu inguruko hitzaldia eman du. Jende askori eman dizkie eskarrak herriko elkarte, talde, instituzio eta norbanako asko aipatu ditu. Tartean, Diario Vasco, Jose Perez Acosta, Jesus Mari Eguizabal, Felix Telleria, Danborradako lagunak, profesio lagunak, omenaldian parte-hartu dutenak, lankideak, Udalean berarekin lanean aritu direnak... Jende asko izan du gogoan (beheko estekan daukazue hitzaldia).
Baina guztien artetik Maria ama, Cristina emaztea eta Enara eta Joana alabak izan ditu bereziki gogoan: "Nire lana pasioz egin nezan, familia-funtzioetatik aldendu xamar ibili naiz. Horrexegatik nahi dut errekonozimendu hau urteetan zehar nire ausentzia sofritu dutenentzat izatea. Nire Amarentzat, hark jasan baitzituen lehen urte haietan zita eta familia-bazakrietara berandu joateak. Eta nola ez, nire neskentzat ere bai. Nire bizitzaren parte dira emazte eta maitea dudan Cris, eta Enara eta Joana alabak. Haiek dira askotan nire lanarengatik aita eta senar gabe geratu direnak. Haientzat da omenaldi hau".
Ahots urratuz esan ditu azken hitzok Txema Vallesek eta auditorioko lehen lerroan Cristina emaztea negar-malkotan ikusi zitekeen emozioak gainezka eginda, alboan bi alabak zituela.
Amaitzeko, Etorkizunean herria eraikitzen jarraitzeko nahia azaldu zuen eta egun berezi honetan berarekin izan diren guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie azkenengoz oholtzatik jaitsi aurretik.
Hainbeste eman ostean, jasotzeko ordua ere iritsi zaizu Txema. Jaso ezazu herriarengandik 30 urte hauetan egindako lanaren aitortza.
Txema Vallesen hitzaldia oso-osorik: https://soundcloud.com/jaltutegi/txema-vallesen-hitzak
Omenaldiko argazki-galeria: http://txintxarri.info/galeria/554/