Aipatu abesti eta bideoklip horiek CD eta DVD banatan jaso dituzte. Azken kantuak, Bizipoza Auzolan izenekoak, hirugarren lanean parte hartu duten elkarte eta sortzaile guztiak batu ditu. Diskoa ez ezik liburuxka bat ere prestatu dute Bizipozakoek, elkarte bakoitzaren deskribapen, ipuintxo, abestiaren letra eta ilustrazio banarekin. Horrez gain, sortzaile eta eragile horietako kideen argazkiak sartu dituzte.
Gaur-gaurkoz 36 elkartek osatzen dute Bizipoza. Horiek guztiek "izaera bereziko gaiak" lantzen dituzte. Eragileetako kideak "hainbat eskubide bete gabe eta behar bereziak dituzten haur eta familiak" dira. Horiei laguntze aldera, Bizipozaren helburuak, nagusiki, hiru dira: izaera bereziko gaiak azaleratzea, umeak zein helduak euskararen bidez sentsibilizatuta; kide diren elkarteei laguntza afektiboa eta eguneroko lanerako premiei erantzuteko baliabide funtzionalak lortzen laguntzea; eta gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkor bat eskaintzea, boluntario sare bat osatzearen bidez.
Larunbateko ekitaldian zenbait lasarteoriatarrek parte hartuko dute: Bizipoza elkarteko koordinatzaile Leire Elizegik, Izan Iñurri elkarteko Julene Ilarramendik eta aurkezleetako bat izango den Joxe Mari Agirretxek, hain zuzen.