Aurkezpenari hasiera emateko, Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak hartu du hitza, eta mahaikideak aurkeztu ostean, azaldu du liburuan planteatzen diren hainbat galderen antzekoetatik tiraka ari direla Usurbilen zaintza ereduarekiko lanketa egiten. Gai horrek ertz asko dituela azpimarratu du, eta, uste du "ezinbestekoa" dela zaintzak modu integralean ulertu eta begirada horretatik heltzea: "Hala ari gara Usurbilen, zaintza ekosistema oso eta berri bat eraikitzeko lanketa betean gabiltza azken bizpahiru urteotan".
Bizipozako koordinatzaile Leire Elizegik hitz egin du gero, eta esan, Munduak denontzat beharko luke, baina ez da liburua azken urteetako lanaren emaitza izateaz gain, aurrera begirako Bizipozaren ibilbidearen oinarria izango den erreferentzia ere badela.
Ikertzaileak, Peio Manterolak, berriz, ikerketaren hasieraren berri eman du. Kontatu du Joxe Garmendia EHUko irakaslearen bidez jaso zuela Bizipoza egitasmoaren inguruan egin nahi zen ikerketaren berri. Gaineratu du hasieratik izan zituztela garbi lanaren oinarriak zeintzuk izango ziren, eta horiek ere nabarmendu ditu: elkarteak, beren protagonismoa eta eurei hitza ematea, eta beren bizipenak haurren eskubideekin uztartzea, bestea, betiere erakunde publikoek egin beharreko beharrak eta dituzten edo eduki berengan hartu beharko lituzketen gaiak aintzat hartuta. Kontatu du baita ere, ikerketa burutzeko Bizipoza osatzen duten elkarte guztiei galdetegi kualitatibo bat pasa zietela. Lan horretatik atera zuten premisa garbi bat; elkarteak sortzen badira, bete gabeko beharrak daudelako sortzen direla.
Ondorio horretatik abiatuta idatzi du Amagoia Mujikak liburua, eta horren berri eman du agerraldia amaitzeko. Esan du Manterolaren ikerlanetik ateratako harietatik tiraka jositako gogoeta sorta bat dela, eta ez duela erantzunik ematen, galderak mahaigaineratzen baizik. Azpimarratu du Ongizate Estatua deitzen denak josi duen sare publikoak ez duela herritar guztien beharrak asetzeko.
Bizipoza elkarteak Zaintza sistema publiko-komunitarioa:elkarrekin hausnartzen, partekatzen eta eraldatzen jardunaldik iragarri ditu datorren hilaren 26rako, eta bertan parte hartzeko izena ematen dutenei liburu bana banatuko diete. Inskripzioa honako helbidean egin dezakete interesdunek: www.labur.eus/bizipozajardunaldia Horrekin batera, aurtengo Durangoko Azokan ere salgai egongo da 10 eurotan eta bizipoza@bizipoza.eus helbidera mezu bat idatzita ere eskatu daiteke.